Gutuna

Futbola gizartearen isla bilakatuta, beste behin

Aitor Irigoien Odriozola 2025ko eka. 23a, 12:00

Imanol Alguacil entrenatzailearen aitortza ekitaldia, Anoetan. (utzitakoa)

Aitor Irigoien Odriozola getariarrak hurrengo gutuna helarazi dio Gukari, Imanol Alguacil Errealeko entrenatzaile ohiaren inguruan.

Futbola herriaren opioa zela zioten batzuk; garrantzitsuak ez diren gauzetan garrantzitsuena dela pentsatzen dute hainbatek; kapitalismo basatienarekin lotzen duenik ere bada... Nire iritziz, gizartearen isla soila da; herritarron gabezia eta arazo askoren isla.

Ez zait egungo futbol modernoa gustatzen; ulergaitza egiten zait futbola bilakatu den negozioa (mugitzen dituen milaka milioiak, ordainpeko telebisten nagusitasuna...). Dena gero eta "monetarizatuagoa", gero eta sentimendu gutxiagokoa.

Futbolzale amorratua izandakoa naiz, baina azken aldian Erreala soilik segitzen dut, txikitatik barru-barrutik sentitzen dudalako. Eta ondorioz, izugarri gozatu dut Imanolek taldearen gidaritza hartu zuenetik.

Azken sei urteotako bere datuak, lorpenak eta taldeak eskaini duen futbola ez sinesteko modukoak izan dira. Inoiz ez nuen halakorik bizi izan hainbeste denboraldiz jarraian (Ormaetxearen urteek oso txiki harrapatu baininduten). 1980ko hamarkada hasieran jaio ginenentzat, Imanol izan da gure Ormaetxea handia. Kopako titulu ahaztezina (34 urteren ostean) eta beste bi finalaurreko, bost urtez jarraian Europarako sailkatzea eta taldekako fasea gainditzea, Txapeldunen Liga ikusgarri bat, partidu ahaztezin eta errekor berri pila bat, garaipenen zerrenda luzea... Guztia umiltasun eta lanerako grina itzelarekin, harrokeria edo nagusikeriarik gabe. Taldeak beti lehiatu izan du berarekin (etxean edo kanpoan, sailkapeneko azkenaren aurka nola liderraren aurka), irabazteko grina erakutsi du partidu oro... eta horiek lorpen handiak dira. Hainbatetan irakurri dugun bezala, ez ohikoa ohiko bilakatu du Imanolek. Eta ez gara horren jabe...

Horrez gain, Imanolek oso zaila den ezaugarri bat izan du; entrenatzaile aparta izatea eta Erreala barne-barnean sentitzea. Entrenatzaile bikain gehiago badaude, baina ez Erreala horrela bizi dutenak; Erreala barnean sentitzen dugun pertsona asko gaude, baina inolaz ere ez hain entrenatzaile onak.

Horrexegatik guztiagatik eman dit mina azken denboraldian Imanolekin gertatu denak. Bost denboraldi bikain egin ostean, azken denboraldi ez hain on batengatik (ez ahaztu Kopan finalerdietara iritsi zela taldea eta Europan final zortzienetara, Ligan azken partiduak arte Europarako lehian egonez) entzun eta irakurri behar izan ditugun gauzak ez baitira onargarriak. Sarri pentsatu izan du errealzale askok iparra guztiz galdu dutela, nor garen ahaztuz, eta sinistuaz Manchester City edo Bayern Munich bat dela Erreala... Hankak lurrean izateari utzi diote, partidu denak irabazi behar direla esanez, eta hori lortu ezean... drama! Imanolek utzi arte ez dute onik izan, beste erantzulerik ez balego bezala... Bost urtez emaitza bikainak lortu ostean, urte batean hain emaitza bikainak ez lortzea aski al da entrenatzailearen lepoa eskatzeko? Bere lan guztia gutxiesteko? Lanposturako ez duela balio argudiatzeko? Hain memoria gutxi al dugu?

Hasieran aipatu dudanaren (futbola gizartearen isla soila dela nire iritziz) adibide argia izan da Imanolen kasua:

  • Sare sozialak eta anonimotasuna: lotsa eta amorrua sentiarazten dute sare sozialetan Imanoli buruz esan diren astakeriek. Inolako errespeturik gabe, nick anonimoen babesean edozer esatera "ausartzen" den jende koldarrez beteta daude sare sozialak. Beti mezu negatiboak eta kritika txarrak eginez noski. Norbere eguneroko frustrazioak askatzeko koktel perfektua bilakatu dira futbolaren eta sare sozialen batura.
  • Gehiengo baten isiltasuna: sare sozialetako zarata bezain mingarria da, halaber, horiekin ados ez zegoen gehiengo baten isiltasuna. Imanolekiko errekonozimendua beranduegi etorri dela iruditzen zait. Manchesterren irabazi osteko Imanol, Imanol, Imanol, Imanol... oihu haiek faltan bota ditut Anoetan, aurtengo partida askotako isiltasunean. Gauzak ondo ez doazenean behar izaten dira gehien babesa eta animoak.
  • Pertsona perfektuaren bila: hainbatek uste izan dute Imanolek dena bikain egingo zuela, partida guztietarako zuela edabe magikoaren bat... Imanol, beste denak bezala, pertsona bat soilik dela ahaztuta. Bere bertute eta akats denekin, batzuetan asmatzen duena eta bestetan ez... Hanka sartzeko eskubidea ere kendu egin diote batzuk Imanoli. Jarrera honek gizarteko hainbaten infantilismo puntu bat erakusten du.
  • Aurpegia gutxi batzuk ematen dute: Imanoli zerbait onartu behar bazaio (hainbat gauzen artean) une oro aurpegia ematea da. Gauzak zoragarri joan direnean zein bereziki azken denboraldi honetan. Ehundik gora prentsaurreko eman ditu urteko, eta hamaika konturi buruz eman behar izan ditu azalpenak (askotan, berari ez zegozkion gaien buruzkoak ere bai). Eta autokritika egin behar izan denean egin du, akatsak onartuz. Aldiz, klubeko beste arduradun goren batzuk isilik eta ezkutuan egon dira, inolako azalpenik eman gabe, euren lanari eta erabakiei buruzko inolako autokritikarik egin gabe, erantzukizunik hartu gabe...
  • Etxekoa baloratzeko zailtasunak: ziur nago Imanol atzerrikoa izan balitz, ez zituela jasotako kritiken laurdena ere jasoko. Alfonbra gorria jarri edo monumenturen bat egingo ziotela. Baina, noski, etxekoa eta euskalduna denez... batzuei oso zaila (edo ezinezkoa) egiten zaie etxekoen esfortzua eta lana behar bezala baloratzea.

Hori dena kontutan izanik, eta inoiz guztiz jakingo ez dugun arren, ez zait iruditzen Imanol emaitzek soilik bota dutenik. Bera joan dela argudiatzen dute erabaki horrekin poztu diren askok. Bera joan da, ados, baina zerk eragin du bera joatea?

Pena handia ematen dit Imanolen agurrak, eta asko botako dugula faltan iruditzen zait.

Azkenik, lerro hauen bidez, Imanoli denbora honetan guztian egin duen lan aparta baloratu eta eskaini duen dedikazioa eskertu nahiko nizkioke. Gora Imanol!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide