Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria departamentuko Treba Gazteak programaren barruan, Begirada kritikoa eta diskurtso ukatzaileak hitzaldia eskainiko dute ekainaren 5ean, ostegunarekin, Salatxo aretoan. Saioa 17 eta 24 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta parte hartzeko aurrez izena eman beharko da galdetegi honen bidez. Orioko Udalak jakinarazi duenez, hiru orduko iraupena izango du –17:30etik 20:30era–, eta antolatzeko ezinbestekoa izango da gutxienez 10 lagunek izena ematea.
Treba Gazteak gazteekin elkarlanean diseinatutako prestakuntza programa bat da, eta haientzat interesgarriak eta beharrezkoak diren pilula laburrak eskaintzen ditu hainbat gairen inguruan, hala nola sexualitatea, osasun mentala, suizidioa, ludopatia, ekologia, adimen emozionala edota sare sozialak. Gazteen parte-hartzea sustatzeko metodologia eta dinamikak erabiltzen dituzte.
Orioren kasuan, begirada kritikoa garatzeko eta diskurtso ukatzaileen aurrean nork bere pentsamoldea lantzeko saioa egingo dute. InteRed fundazioko kideak etorriko dira dinamika gidatzera eta saioa doakoa izango da.