Euskaraldia 2025

"Euskaraldiaren ariketa ondo egiteko" gakoak emango dituzte gaur Salatxon

Julene Sorarrain 2025ko mai. 15a, 10:30

Orioko Euskaraldia.

Ahize-AEK-ko Araitz Mugurutzak gidatuko du saioa, 19:00etatik aurrera, Salatxo aretoan. Izenburuak dioen bezala, hitzaldiaren helburua ariketa ondo egiteko gakoak eskaintzea da.

Orioko lantaldeak egitarau oparoa prestatu du aurtengo Euskaraldiari begira, eta udalarekin elkarlanean, Nola egin ondo Euskaraldiaren ariketa hitzaldia eskainiko dute gaur. Ahize-AEK-ko Araitz Mugurutzak gidatuko du saioa, 19:00etatik aurrera, Salatxo aretoan. Eta izenburuak dioen bezala, hitzaldiaren helburua ariketa ondo egiteko gakoak eskaintzea da.

Hauxe da antolatzaileak jendea hitzaldira animatzeko prestatu duen testua: Ados. Eman duzu izena Euskaraldian parte hartzeko, ahobizi edo belarriprest gisa, eta jantzi duzu txapa; baina orain dator erronka: ariketari probetxua ateratzea euskara gehiago erabiltzeko zure egunerokoan. Ba al dakizu nola jokatu? Hitzaldian pista batzuk jasoko dituzu, ariketa ondo egiteko eta aukera hau behar bezala aprobetxatzeko.

Bestalde, aurten hikaren erabilera bultzatu nahi du lantaldeak, eta horretarako, Hikadromoa egingo dute larunbatean, 12:00etan, Herriko Plazan. AEK-k bideratuta, hika eta noka lagun giroan praktikatzeko aukera izango dute herritarrek. Horrez gain, beste bi ekitaldi ere programatu dituzte:

  • Maiatzak 16: Kantu-afaria Balea elkartean, 21:00etan. Izen-ematea dagoeneko itxita dago, aforoa guztiz bete delako.
  • Maiatzak 18: Maialen Lujanbioren RR-6 eRRe(AH)ala hitzaldi-errezitaldia, elizako zimitorioan, 19:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide