Orioko arraunlariak jaun eta jabe Gipuzkoako Trainerillen Ligan

Julene Sorarrain 2025ko mai. 10a, 19:03

Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak Gipuzkoako Trainerillen Ligako banderarekin. (utzitakoa)

Gaur arratsaldean jokatu dute Mutrikun (Gipuzkoa) laugarren eta azken jardunaldia, eta bi mailetan oriotarrak garaile izan dira. Hori horrela, bihar Pasaian (Gipuzkoa) jokatuko den Gipuzkoako Trainerilla Txapelketarako txartela eskuratu dute. 

Orio Arraunketa Elkarteak garaipen bikoitza eskuratu du gaur Mutrikun (Gipuzkoa) jokatutako txapelketetan. Orioko arraunlariek Gipuzkoako Trainerilla Liga (“A” ontziak) eta Gipuzkoako Trainerilla Kopa (“B” ontziak) txapelketak bereganatu dituzte gizonezkoen absolutu mailan, eta etxera eraman dituzte bandera eta kopa.

Hori horrela, A ontziak 13:59;50 denborarekin eskuratu du garaipena, Donostia eta Hondarribiaren aurretik sailkatuz. B ontziak, aldiz, 14:08;54 denborarekin amaitu du lehenengo postuan. Emaitza horiekin Sailkapen Orokorreko lehen postuak finkatu dituzte.

Bestalde, gaurko estropada bihar Pasaian (Gipuzkoa) jokatuko den Gipuzkoako Trainerilla Txapelketarako baliogarria zen. A ontziak aurreneko lau postuetan sailkatu behar zuen, eta lortu duenez, Pasaian izango dira bihar txapelketan parte hartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide