Euskal presoen aldeko Puzzlea osatu arte egitasmoak Orion egingo du geldialdietako bat hurrengo asteko larunbatean, maiatzaren 17an, Orioko Sareko kideek jakitera eman dutenez. Egitasmoan parte hartuko duen eskualdeko herri bakarra izango da.
Maiatzaren 17an Lesakan (Nafarroa) hasi eta hurrengo egunean Iruñan amaituko den egitasmoarekin bat egingo dute Euskal Herriko 29 herritan, "oraindik kalea zapaltzen ez duten 58 euskal presoen etxerako bidea aldarrikatzeko". Orion, Gregorio Eskudero preso oriotarra izango dute bereziki gogoan. Eskudero 2002an atxilotu zuten, eta zigorraren hiru laurdenak beteta ditu. Sarek azaldu duenez, bigarren graduan dago gaur egun, "baina oraindik ez du etxerako bidea egiteko aukerarik".
Egitasmoaren helburua argia da: zigorraren azken urteak etxean betetzeko baldintzak betetzen dituzten presoei lege arrunta aplikatzea. "Gatazkak utzitako ondorioen konponbidean pauso asko eman dira; baina azken puzzle zatia kokatu arte ez dugu etsiko", adierazi du Sare mugimenduak.
Mokadua aurrena, ekitaldia gero
Orion bazkalostean egingo dute ekitaldi nagusia, 15:15ean, Herriko Plazan, orduan iritsiko baita furgoneta ibiltaria herrira. Aurrez, ordea, eguerdian, 13:00 aldera, jana eta edana eskainiko ditu Orioko Sarek, plazan bertan. Patatak errioxar erara eskiniko dituzte, baita sagardoa txotxean ere, "herritarrak elkartzeko eta giroa berotzeko".
Ekitaldian sinbolismoa izango da nagusi, furgoneta ibiltariak herriari lona bat utziko diolako urte osorako lanketarako, eta herriak, berriz, egitasmoaren izenburuarekin bat eginez, puzzlearen pieza bat emango diolako, Iruñean "puzzle erraldoia" osa dezaten.