Sahararren eguneroko bizimodua eta kultura erakusteko helburuarekin, erakusketa berria zabalduko dute bihar, 19:00etan, Orioko Kultur Etxean. Bertan ikusgai izango dira, besteak beste Saharako zuhaitzen zuraz edo hango abereen larrua erabiliz egindako eskulanak. Gainera, irekieran pastak eta tea jarriko dituzte bertaratzen diren herritarrentzat.
Erakusketak garrantzi handiko helburua du sahararrentzat, izan ere, saharar herria "bizirik dagoela" aldarrikatu nahi dute, "haien herrian indarrez sartu direnek ez dutela lortu sahararrei beren nortasuna lapurtzerik". Horretarako, basamortuko bizimodua nolakoa den erakutsi nahi dute, hala nola non bizi diren, haimak nolakoak diren, zer eta nola jaten duten, nolako arropekin janzten diren, haurrak nola jolasten diren edota erlijioa nola bizi duten.
Erakusketa ikusgai egongo da maiatzaren 20ra arte, Kultur Etxeko ordutegiaren barruan (10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era).