III. Berdintasun Plana osatzeko galdetegiak jarri ditu martxan Orioko Udalak

Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 12a, 12:35

Bi pertsona elkar ukitzen.

Bi galdetegi mota daude, bat herritarrentzat, eta bestea eragileentzat. Iritziak emateko epea hil bukaeran amaituko da. Udalaren II. Berdintasun Plana aurten amaituko da, eta hirugarrena lantzeko pausoak ematen hasi da.

Berdintasun planek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan jarduteko estrategiak eta ekintzak jasotzen dituzte, eta Orioko Udalak martxan dauka Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana. 2022ko ekainean aurkeztu zuen, eta aurtengo urtean amaituko da.

Horregatik, udala III. Berdintasun Plana lantzeko diagnostikoa egiten ari da, eta horretarako herritarren eta herriko eragileen iritziak bildu nahi ditu, bakoitzarentzat galdetegi mota bat sortuta. Hala, online betetzeko galdetegiak jarri ditu martxan, eta martxoaren 31ra arte egongo da erantzuteko aukera.

Udalak azaldu du bi gadetegiak direla anonimoak, eta herritar guztiak animatu ditu galderak erantzutera: "Jasotako erantzunen bidez, berdintasunaren alorrean Orioren egoera zein den zehaztu ahal izango du udalak, eta herritarrek dituzten beharrak identifikatu".

Udala Kalakan kooperatibaren laguntzarekin ari da diagnostikoa osatzen, eta jakinarazi du aurrerago lan-saio ireki bat ere egingo dutela herrian. Ondoren, berriz, ekintza plan bat garatuko da behar horiei erantzuteko "eta berdintasunaren alorrean aurreratzen jarraitzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide