Faxismoaren aurka, ausardia eta aliantza feministak! izan da aurtengo Emakumeen Nazioarteko Egunerako Mugimendu Feministak aukeratutako leloa, eta horixe zioen pankartaren atzetik atera dira Orion dozenaka herritar gaur, Martxoaren 8a, 12:00etan hasi den manifestazioan. Adin guztietako gizon-emakumeak –tartean ziren hainbat udal ordezkari ere– elkartu dira, eta Herriko Plazatik Ibaiondora arteko bidea egin dute aurrena, eta handik Aita Lertxundi kalea zeharkatu dute gero, errepidetik, plazarantz.
Manifestazio zaratatsua izan da, eta musikaz eta txistu hotsez gain, hainbat lelo entzun ahal izan dira bozgorailutik; gehien errepikatu dutena gauak eta kaleak gureak dira leloa izan da.
Aurreneko geldialdia errepidean egin dute, eta han bengalak ere piztu dituzte. Errepidetik Herriko Plazara itzuli dira, eta handik Bikamiotaraino joan dira, Eusko Gudari kalea zeharkatuta. Bikamiotako biribilgunean ere geldiune txikia egin dute, umorez makurtuz eta baita salto eginez ere.
Arrantzale kalean sortu da manifestazio osoko isilune bakarra, hain justu, Lourdes Del Hoyo erail zuten tokitik igarotzean. Manifestari batzuek bengala moreak jarri dituzte haren oroigarriaren ondoan.
Txaloak beste borroka batzuk gogoratu dituztenean
Arrantzale kaletik zuzenean joan dira Herriko Plazara, eta han, udaletxe aurrean borobilean jarrita, hainbat emakume gaztek idatzi bat irakurri dute. Euskal Herriko Mugimendu Feminista azken urteetan indarra hartzen ari dela esan dute, baina desberdinkeriak ez direla aldatu, eta aldiz, "zapalkuntza forma berriak agertu" direla salatu dute. "Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikus dezakegu hainbat esparru eta sektoretan: sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan...".
Gaineratu dute ez dela urruneko zerbait bakarrik, eta ezkerreko sektore batzuetan ere ikusten dituztela "feminismoarekiko kontrakotasunak nahiz diskurtso arrazisten gorakada". Horregatik, "feminismoarekin posizionatzeko ausardia aldarrikatzen" dute. "Feminismoa ezkerreko borroken erdigunera " eramateko beharraz aritu dira, eta esan dute "feminismoak antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista" izan behar duela. "Feminismoa da, izan ere, eraldaketarako proposamen integralak egiteko ezinbesteko mugimendua".
"Erresistentzian dabiltzan kideei besarkada bana" bidali nahi izan diete, baita "babes osoa" adierazi ere. Palestina, Sahara eta Kurdistan aipatu dituzte. Txalo zaparrada jaso dute hitz horiek. "Herriz herri elkartzera eta saretzera" deitu dute. "Batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat eraikitzeko bidean".
Hitz batzuk gaztelaniaz ere egin dituzte, herriko emakume guztiak gonbidatuz feminismora batu daitezen.
Hitzartzea amaitu dute aurtengo leloa errepikatuz.