Azken astean Instagrameko Denuncias Euskal Herria kontuan Orioko bizilagun baten aurkako hainbat salaketa argitaratu dituzte. Era askotako eraso sexistak egin dituela salatu dute erabiltzaileek kontu horren bidez, eta horren aurrean, idatzi bateratua kaleratu zuten atzo Orioko eta Andoaingo mugimendu feministek eta Oriyoko Pakak taldeak.
Hiru eragile horiek "kezka" adierazi dute "izatez andoaindarra den, eta azken urteetan Orio bizitoki duen" erasotzaileak azken boladan sareetan, telebista publikoan eta musika munduan hartu duen erreferentziarekiko eta presentziarekiko. Horien ustez, erasotzaileak duen oihartzunak, "biktimen zauriengan eragina" izan dezake. Hala esan dute: "Gainera, jakin badakigu gaur egun erasotzaileak antzeko jokaerekin jarraitzen duela; hau da, ez duela egindako guztiaren erreparazio lanketarik ezta jarrera aldaketarik egin".
Behin hori esanda, hiru puntuko idatzia osatu dute taldeek: lehenik, "erasotzaileak burututako eraso eta jokamolde guztiak salatu" dituzte, baita "dagokion erantzukizuna hartzea exijitu" ere. Bigarrenik, "babes osoa" adierazi nahi izan diete erasoak jasan dituzten guztiei, baita horiek hitz egitera animatu ere: "Jakin ezazue ez zaudetela bakarrik, hemen izango garela zuek babesteko, entzuteko eta laguntzeko. Horregatik, jakinarazi nahi dugu beharra sentitzen duen edonork lasai idatz dezaketeela taldeen sare sozialetara edo pertsonalki gertura daitezkeela Saregile Orioko emakumeen etxera. Garbi adierazten dugu hitz egin nahi duenaren anonimotasuna momentu oro errespetatuko dugula".
Bestalde, "ardurak hartzeko eskatu" diete erasotzaile horri ahotsa ematen ari direnei eta harekin berarekin harremana duten guztiei. Mezu argia helarazi dute: "Ez diegu erasotzaileei espazio publikorik hartzen utziko. Garbi izan: konponbidea ez bazara, arazoa zara".