Saregile Orioko emakumeen etxeak hainbat ikastaro jarri ditu martxan 2025eko lehenengo hiruhileko honetan, eta horietako bat izango da haurdunek mugimendu zehatzak egiteko ikastaroa: besteak beste, pelbisean jarriko dute begirada, baita diafragmetan eta arnasketan ere.
Saio horiek gaur bertan hasiko dituzte, eta ekainaren 13ra arte eskainiko dituzte Saregileren egoitzan –Kale Nagusia, 17. zenbakia–, ostiralero. Izen ematea, berriz, urte osoan egongo da zabalik, emakume bakoitzak behar duen momentuan parte har dezakeelako haurdunentzako eskola horietan. Informazio gehiago eskuratzeko, 623-17 85 53 zenbakira dei daiteke, edota saregile@orio.eus helbidera idatzi.
Saioak Jesica Farace yoga irakasleak zuzenduko ditu, eta hark azaldu du mugimenduen garrantzia: "Metodoa baloi handiekin lan egitean datza, mugitzeko aukera ematen digutelako. Baloiek gainazal biguna dutenez, pelbisak dituen mugimendu mota ezberdinak nabari ditzakegu bertan. Mugimendu horiek galdu egiten ditugu hazten garen heinean, batez ere denbora asko eserita igarotzen dugun emakumeok. Mugikortasun handia galtzen dugu haurdunaldian. Programa honen bidez, mugimendu horiekin berriro konektatuko dugu, arnasketatik abiatuta", kontatu du.
Kontzientzia hartzea
Pelbisa izan du hizpide Faracek, baita gorputzaren kontzientzia izateak erditzean izan dezakeen eragin positiboa ere: "Hasiera batean, pelbisaren eremu osoa ezagutzen dugu, baita erditzean inplikatuta dagoen eremu oro ere, eta prozesuan nola lagun diezagukeen eremu hauekiko kontzientzia izateak. Erditzean mugimendua eta muskulatura oso inplikatuta daude, eta diafragmaren eta arnasketaren gaiak ere garrantzitsuak dira. Metodoan bi diafragma erabiltzen ditugu, konektatuta daudenak. Alde batetik, biriketakoa erabiltzen dugu, eta, bestetik, zoru pelbikokoa. Ez daude bananduta".
Emakumeen etxean eskainiko duen ikastaroaren onurak eta helburuak argi azaldu ditu yoga irakasleak: "Onurei dagokienez, erditzera osasuntsu eta muskulatura prestatutarekin iristea da helburua. Ikastarotik igaro diren emakumeek perinearen eremua, pelbisa eta hezur zatia ezagutu ahal izan dituzte. Gune hori landu izanaren sentsazioa dute. Orduan, erditzean, hobeto jabetzen dira nola ari diren arnasten. Erditze guztiak ezberdinak dira, baina aldez aurretik lan egitea lagungarria da".