Orioko Eusko Gudari kaleko frontoia eta inguruko etxebizitza batzuk eraitsiko dituzte aurki, eremu horretan 24 etxebizitza, garajeak, lokal komertzialak eta erabilera publikoko espazio berri bat eraikitzeko.Tartean, estalitako pilotaleku txiki bat ere egingo dute gaur egungoa dagoen tokian. 17x11 metro izango ditu, gaur egungo toki berean kokatuko dute, baina frontisa hegoaldera izango du, gaur egun duenaren kontrara, eta gainerako eremua espazio publikoa izango da. Pilotaleku nagusia non eta noiz egingo duten, berriz, erabaki gabe dago oraindik.
Ospele Orioko pilota elkartea jakitun zen gaur egungo pilotalekuaren tokian bost koadroko pilotaleku txiki bat egiteko asmoa zuela udalak, eta uste du "pilota sustatzeko instalazio ona" izango dela frontoi hori.
Elkarteak argi utzi nahi du frontoi horrek ez dituela asetzen pilota elkartearen eta pilota eskolaren beharrak, baina aldi berean, herrian bigarren frontoi bat edukitzea positiboa dela uste du: "Kontuan izanda etorkizunean pilotaleku nagusia ere edukiko dugula herrian, positiboa iruditzen zaigu herrigunean aisialdiko frontoi txiki estali bat egitea, umeek nahiz helduek praktikatzeko".
Osteguneko udalbatzarrean erabakitakoa
Etxeak egingo dituzten partzelaren %20,32 udal jabetzakoa zen, eta osteguneko udalbatzarrean aho batez erabaki zuten besterentzea. Eraikiru enpresa aurkeztu da lehiaketa publikora, eta baldintzak betetzen dituela egiaztatuta, harena izango da zatia.
Hemen ikus daiteke udalbatzarra osorik, baita hari buruzko albistea irakurri ere.