Beste hamarkada batez jarraitzeko bultzada hartuta

Onintza Lete Arrieta-Gorka Eizagirre-Urtzi Oteiza 2024ko abe. 7a, 11:49

Orioko Erraldoien konpartsak udalaren eta herritarren omenaldi xumea jaso zuen atzo iluntzean Herriko Plazan. Udal ordezkariek lore sorta eta oroigarria eman zizkieten, Jon Agirresarobe Torrotxok idatzitako bertsoekin. Omenaldiaren ondoren, Guka Telebistarekin izan ziren Iñigo Gaiton Kultura eta Festa teknikaria eta Ibai Peña konpartsako kide beteranoa.

San Nikolas eguna izan zen atzo, eta goiz parteak bezala, arratsalde-iluntzeak ere askorako eman zuen. Dena ez zen nahi bezala atera, aurrena bertan behera gelditu zirelako 17:00etan jokatzekoak ziren III. Imanol Ibarguren Memorialeko finalak eta ondorengo pilota jaialdia, frontoiaren lurra oso gaizki zegoelako uraren eta hezetasunaren ondorioz.

Ondoren, Pellok eta Nikolasak ere kalejira motza egin behar izan zuten, horiek ere euriagatik. Kultur Etxetik zuzenean Herriko Plazara joan ziren, eta buruhandiek ere korrika saio gutxi egin zuten atzokoan.

Hortik aurrera, ordea, dena ondo joan zen: Danbolin musika eskolako bandak kontzertu bizi-bizia eskaini zuen 18:00 pasatxo hasita, eta ohi bezala, entzule asko elkartu zituen. Piezetako batekin dantzan jarri zituzten Pello eta Nikolasa erraldoiak. Kontzertua amaitzerako, hantxe ziren eguneko protagonistak: San Nikolas eguneko omenaldia jaso behar zuten Orioko Erraldoien konpartsako kideak. Traje berriak soinean, kuadrilla handia jarri zen ilaran, Anuska Esnalen esker oneko hitzak entzuteko. Taldeko bi kidek ere hartu zuten hitza. Besteak beste, esan zuten konpartsak ateak zabalik dituela animatzen den ororentzat, eta gogoan izan zituzten Pello eta Nikolasarekin hasi zirenak duela hamabi urte, bereziki Joakin Illarramendi zena.

Lore sorta jaso zuten udal ordezkarien eskutik, eta baita oroigarria ere: Jon Agirresarobe Torrotxok egindako bertsoak. Hantxe bertan abestu zuten bertso dotorea.

Ekitaldia amaitu ondoren, konpartsako kideek Illarramendiren alargunari eman nahi izan zioten lore sorta.

Gaua, berriz, Herriko Plazako kontzertuekin hasi zen batzuentzat, eta Karela kiroldegiko bertso jaialdiarekin, beste askorentzat. Errikotxiak 20. urtez antolatutako bertso saioan Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Aitor Ruiz eta Xabat Illarregi aritu ziren bertsotan. Gai jartzen Xabier Sukia ibili zen.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide