Iñaki Iturain eta Nere Manterola dira Euskaraz Gazte literatur lehiaketako aurtengo irabazleak

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 4a, 12:00

Atzo iluntzean egin zuten sari banaketa ekitaldia Kultur Etxean. Ipuinen atalean gailendu da Iturain, eta Joxe Mari Unanuek eskuratu du bigarren saria. Manterola, berriz, bertso eta olerkien atalean nagusitu da. Garazi Urretabizkaia izan da bigarren, eta Xabier Iribar, hirugarren. Bi accesit ere banatu ditu Orioko Udalak.

Atzo 19:30ean banatu zituzten 31. Euskaraz Gazte literatur lehiaketako sariak Kultur Etxean. Ohi bezala, zuzeneko musikak girotu zuen ekitaldia –Danbolin musika eta dantza eskolako ikasleen eskutik–, eta amaieran, elkarrekin mokadua hartuz berriketan aritzeko aukera izan zuten. Jabier Zabaleta Euskara teknikariak aurkeztu zuen ekitaldia, eta Rikardo Uzkudun herritarrak ere hartu zuen hitza, lehiaketako epaimahaikidea izan baita, Zabaletarekin eta Aiako Kultur teknikari Eli Lasarekin batera.

Ipuinen atalean, Iñaki Iturainen lanak irabazi du sari nagusia, Indiko itsasoko harribitxia lanarekin. 300 euro eta oroigarria jaso zituen bere izenean haren bikotekideak, Iturain kanpoan baita egunotan. Epaimahaiak esan du egileak askotan irabazi duela sari hau, baina oraingoan, bere ipuin-moduetatik aparteko zerbait egin nahi izan duela nabarmedu du, baita idazkera egokitzeko ahalegina egin duela ere, "Lapurdiko euskararen arrastoak sumatzen baitira darabilen prosa landuan".

Bigarren saria,  berriz, Joxemari Unanuek eskuratu zuen Urretxindorra lanarekin. 200 euro eta oroigarria jaso zituen horrek –ez zen ekitaldian izan hura ere–.

Olerkien eta bertsoen saileko sariak banatu zituzten ondoren. Hiru sari eta bi accesit, guztira. Lauk abestu zituzten bertsoak, eta beste batek, errezitatu egin zituen.

Aipamenak Rosi Lazkano eta Nadeht Arrutirentzat izan ziren, Aspaldi jaio nintzen lanagatik Lazkanori, eta  Ezlekuetan laiotz lanagatik, Agirreri. Ehuna euro eta oroigarri bana jaso zuten horiek.

Hirugarren saria Xabier Iribarrek eskuratu zuen. 150 euro eta oroigarria jaso zituen Altxa burua, motel! bertso sortagatik. Horrek saria bertso eskolako kideei eskaini zien, "Xabier Sukiari eta Ibai Esoaini, eta Juleni eta Egoitzi". Bertso banarekin egin zuen, gainera.

Bigarren saria, 200 euro eta oroigarria, Garazi Urretabizkaiarentzat izan ziren Iparra galduta lanagatik, eta sari nagusia, berriz, Nere Manterolarentzat, Izurdearenak bertsoengatik. 300 euro eta oroigarria jaso zituen Manterolak. Bat baino gehiago hunkitu zuten haren bertsoek. "Bertso onak eta itsas giroko itsorio polita kontatzen dutenak" direla azpimarratu du epaimahaiak.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide