Zure ezkontzako jantzien azken bilduma Gregori izendatu duzu. Nor zen Gregori?
Birramona bakarra ezagutu nuen nik, Gregori. Haren izena jarri nahi izan diot, nire familiako emakumeengan oinarritu naizelako bilduma sortzerakoan.
Aurreko hilean aurkeztu zenuen bilduma Donostiako Moda Jaialdian, San Telmo museoan. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Espero nuena baino hobea izan zen. Ez nuen horrelako zerbait egin ala bizi izan inoiz. Benetan hunkigarria izan zen eliza noraino bete zen ikustea, batez ere horrelako egun euritsu batean.
Bilduma aurkezteaz gain, sari bat jaso zenuen zure diseinuak lehenengo aldiz pasarelan erakutsi izanagatik. Nolakoa izan da bilduma desfile baterako prestatzea?
Azken finean, guk orain arte neurrira egin dugu lan. Ezkongai bakoitzean oinarritzen gara soinekoa sortzeko orduan, baita bere izateko edo janzteko moduan edota ezkontza motan ere. Hau, aldiz, %100 nigandik sortu den bilduma bat izan da. Pasarela bat prestatzea baino, soinekoak prestatzea izan da erronka. Pasarela, azkenean, soinekoei erakusleiho bat emateko modua izan da. Ezberdina izan da, ohituta gaudelako gorputz zehatzen gainean lan egitera. Kasu honetan modeloak genituen, eta ez dugu haien gorputzen arabera sortu.
Guztira hemezortzi jantzik osatu dute bilduma. Noiz jarri zenuen martxan proiektua?
Urte asko igaro ditut proiektu honetan pentsatzen, eta betidanik egin nahi izan dudan zerbait da. Hori horrela, proiektua uda hasi baino lehen jarri nuen martxan. Oro har, sei hilabete inguru iraun ditu prozesuak.
Sortze prozesuaren barruan, nola etorri zaizkizu burura bildumak islatzen dituen kontzeptuak?
Inspiratzeko orduan, naturara jotzen dut beti. Oso gertu daukadan zerbait da, eta niretzako ihesbide bat. Beraz, nire ohiko mendi ibilaldiak egiten nenbilela ekin nion sortze prozesuari. Ibilaldi horietan askotan entzuten ditut garapen pertsonalean oinarritutako podcastak, eta azken urteetan horretan enfokatuta egon naizenez, garapen horretatik jotzea erabaki nuen.
Azken urteetan egin dudan lanketa horren guztiaren harira konturatu naiz nire familiako emakumeek duten garrantziaz. Hortik iritsi naiz gai horretan inspiratzeko erabakia hartzera.
Nola eramaten dituzu tradizioa, natura eta emakumeen ahalduntzea bezalako kontzeptuak jantzietara?
Goi joskintzako teknikak erabiltzen ditugu guk. Nire amona jostuna zen, eta hark dena eskuz eta neurrira egiten zuen. Gaur egun, ordea, industrializazioara ohitu gara eta azkarregi egiten ditugu gauzak. Guk, aldiz, garai hartako moduan josten jarraitu dugu, tradizioa mantenduz.
Bestalde, eskuzko bordatuak ere sartu ditugu bilduman, Donostiako jostun batzuekin elkarlanean eginak. Naturaren kasuan, bilduman estanpazio teknika erabili dugu. Itziar Unzurrunzagak naturatik eta gure basoetatik zuzenean hartutako landareak erabili ditu horretarako. Modu horretan, guk bakarrik ditugun oihal bereziak sortu ditugu.
Zure familiako emakumeek inspiratu zaituzte. Haien zein ezaugarri islatu nahi izan dituzu jantzietan?
Batez ere gertutasuna, aurrera egiteko eta etxekoen alde borrokatzeko duten indarra islatu nahi izan ditut, baita emakumea izatearen harrotasuna eta sorginkeri giroa ere.
Argi dago bildumaren zati garrantzitsu bat izan direla. Nola jaso dute haiek zure lana?
Harrotasunez jaso dutela esango nuke. Oraindik gogoan dut, aurkezpena amaitu ostean, pasarelara atera eta beraiek bertan ikusi izana. Harrotasunez eta ilusioz jaso dute.
Ba al dago bilduman zuretzat esanahi berezirik duen soinekorik?
Zure bi seme-alaben artean aukeratu behar izatea bezala da hori. Baina beti daude pieza batzuk bereziagoak direnak, estanpazioenak edo beste emakumeekin elkarlanean bordatutakoak, esaterako. Tolesdunak ere bereziak dira, tenika berriak landu ditudalako nire lantaldearekin. Kutunak dira batzuk, bai.
Aipatu duzu kolaboratzaileak izan dituzula bilduma sortzeko orduan. Nola aukeratzen dituzu soineko batentzako oihalak eta materialak?
Batzuetan, oihala eskuetan dudala, burura etortzen zaidanaren arabera diseinatzen dut. Beste batzuetan, aldiz, diseinuak eginak daude, eta horientzako oihal aproposak aukeratzen ditugu. Gertatu izan zait, diseinua prest izan eta ehuna aukeratu ostean, lana berregin izan beharra, oihalak beste diseinu mota bat eskatzen didalako. Azken finean, prozesu luzea da. Nire material gustukoena organza da.
Gregori ez da zure lehen bilduma. Nolako bilakaera izan du zure lanak urteak igaro ahala?
Aurreko bilduma pandemia aurretik egin genuen. Ez zen espreo bezala irten, izan ere, izurriaren ondorioz ezkontza asko bertan behera geratu ziren. Azken urteak nahiko gogorrak izan dira, pandemiak ekonomikoki asko eragin zigulako.
Bestalde, denbora hartu dut ikasteko eta trebatzeko, bai teknikoki, baita finantza arloari dagokionez ere, enpresa sendoagoa izan dadin. Indarra hartzen jardun gara, eta Gregori izan da egin dugun lan guztiaren fruitua.
Zer-nolako harrera izaten ari da bilduma?
Desfilearen ostean, zorion mezu asko jaso nituen. Gainera, geroztik dendara bezero berriak datozela nabaritu dut. Asteburuan, esaterako, ekitaldi bat egingo dugu dendan bertan, beste kolaboratzaileekin batera, jendeak jantziak ikusi eta ukitu ditzan. Madriletik ere deitu naute showroom [erakustareto] batera joateko. Harrera ona ari da izaten, eta gustura nago emaitzarekin.