Imanol Urkizu: "Herriari zerbait eskaini diozunaren sentsazioa daukazu"

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 28a, 09:00

Imanol urkizu. (Guka)

Ereserki bat baino gehiago egindakoa da Imanol Urkizu pandero jotzaile oriotarra: Orioko Futbol Taldearena berea da –musika nahiz hitzak–, baita Zaragueta herri eskolakoa ere. Herritik kanpo, Ondarruko (Bizkaia) Kresala kultur elkartearentzat sortu zuen ereserkia 1990eko hamarkadan, eta Jon Maiak jarri zizkion hitzak hari. "Polita da norberaren abestiak bozgorailuetatik entzutea. Ohore txiki bat badaukazu, behintzat, herriari zerbait eskaini diozunaren sentsazioa". 

Konposatzerakoan, Urkizuk inoiz ez du aukeratu abesti solemnerik: "Beti izan naiz kantu gertukoa, herrikoia eta erraza egin zale; ahal den sinpleena. Gero, ahalik egokien borobiltzen duzu".

Orioko ereserkiei dagokionez, Benito Lertxundiren Mirotzak aipatu du. "Ofiziala izan ez arren, Orioko arraunzaleek berena bezala hartu dute. Berak ere haiei eskainiz egin zuen abestia; eta gero, herriak, gazteek eta arraun klubak berak berena den zerbait bezala hartu dute". Musikari gehiago ere izan da herrian, ordea: "Patxi Oliden Danbolin-ek Orioko martxa eta Balearen martxa egin zituen, sinfonikoagoak, musika bandarentzat. Hitzak Manuel Lasartek jarri zituen". Lertxundiren abesti batzuk ereserkitzat har daitezkeen galdetuta, argi du: "Badaki iristen. Bizkaia maite abestia, esaterako, garai batean oso maitatua izan zen Bizkaian; beraiei eskainitako abestitzat hartu zuten, beraientzat ikaragarria zen. Solemnitate puntu hori duten horrelako abesti asko ditu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide