Hondartza bidetik Abaromendira doan bidegorria luzatuko du udalak Zaraguetako sarrera berriraino

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 27a, 16:30

Abaromendi kale inguruko bidegorria. (Orioko Udala)

Datozen asteetan hasiko dituzte lanak, eta aurreikuspenen arabera, azarorako amaituta egongo dira. 32.000 euro kostako da bidegorri zati hori egitea, eta aldundiaren dirulaguntzak finantzatuko du osorik.

Azken urteetan, Orioko Udalak hainbat lan egin ditu herriko bidegorri sarea osatzeko. 2022ko udan herrigunea eta hondartza elkartzeko falta zen zati nagusia osatu zuen, Bikamiotako biribilgunetik autobideko zubira artekoa, hain zuzen. Orain, udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du Abaromendiko bidegorria Zaragueta Herri Eskolaren sarrera berriraino luzatzeko, eta jakinarazi duenez, lan horiek datozen asteetan egingo dituzte. Aurreikuspenen arabera, azarorako amaituta egongo dira lanak.

Obrak 32.129,93 euroko aurrekontua du, eta aldunditik jasotako dirulaguntzarekin erabat finantzatuta geldituko da.

"Lanaren helburua da Zaraguetara bizikletaz joaten diren ikasle, guraso, langile eta herritarrei ibilbide segurua eskaintzea, errepidea erabili behar izan gabe", adierazi du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide