'Gure Mazedonia' saioaren estreinaldiko atalean, Orioko kontuak

Guka Telebista 2024ko abu. 2a, 10:00

Orioko, Azkoitiko, Zarauzko, Azpeitiko eta Zumaiako saioak eskainiko ditu abuztuan, hurrenez hurren, Guka Telebistak. Hain zuzen, atzo, osteguna, Orioko saioa eskaini zuen Gukak. Abuztuan ostegunero 21:45ean, ikusi ahal izango dira saioak telebistan, Mireia Galarza Bastidak aurkeztuta eta Ian Ruiz Lizasok zein Julene Sorarrainek lagunduta.

Abuztua hastearekin batera, Guka Telebistak udako saio berria estreinatu zuen atzo, osteguna: Gure Mazedonia. Abuztuan, ostegunero 21:45ean hasita, Mireia Galarza Bastida kazetariak Urola Kostako herririk handienak bisitatuko ditu uda garaiko gaiak lantzeko asmoz. Gainera, ondo lagunduta arituko da aurkezlea saio berrian, Julene Sorarrain eta Ian Ruiz Lizaso izango baititu bidelagun.

Atzo, Orioko saioa eskainiko zuen Guka Telebistak. Galarza aurkezleak Karmele Moran elkarrizketatu zuen garai bateko Orioko Antilla hondartzaz eta haren inguruez solasteko; izan ere, garai batean hondartza inguruan zegoen jatetxe batean lan egindakoa da Moran. Sorarrain eta Ruiz saltseroek, berriz, hondartzaren bueltan aurkitutako herritarrekin eta bisitariekin hitz egin zuten.

Datozen saioei begira jarrita, hilaren 8an, Azkoitiko saioa izango da ikusgai. Angel Mari Arenas Txalkor txistulari taldeko danbor jotzailea elkarrizketatuko du Galarzak. Azkoitiko Andre Maria jaietan kalejira eta emanaldi ugari eskainitakoa da Arenas, baina, aurten azkenekoz jantziko du txistulari jantzia. Hain zuzen, andremariei buruz hitz egingo dute biek, eta saltseroek festen inguruko ariketa bat proposatuko diete ikus-entzuleei.

Abuztuaren 15ean, Zarauzko saioa eskainiko du Gukak; abuztuaren 23an, Azpeitikoa; eta azken saioa, hilaren 30ekoa, Zumaiakoa izango da. Guka Telebistak ostegunero emango ditu saioak telebistan, eta ostiraletan jarriko ditu ikusgai Guka webguneetan. Ez galdu!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide