Itxura hartuz doaz alokairu sozialeko etxebizitzak

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 16a, 16:00

Eusko Jaurlaritza babestutako 46 etxebizitza ari da eraikitzen Munto eremuan. Hain justu, gaur hiru urte eman zuten proiektuaren berri; orduan etxeak 2026rako amaitzea aurreikusi zuten, baina lanak aurreratuta daude, eta lehenago egon daitezke herritarrentzat prest.

Gaur hiru urte, 2021eko uztailaren 16an, aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak Muntoko orubean alokairu sozialeko 46 etxebizitza egiteko proiektua. Hainbat agintarik parte hartu zuten agerraldian, tartean Iñaki Arriola orduko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Anuska Esnal Orioko alkateak.

Hiru urte geroago, lanak aurreratuta daude –argazkietan ikus daitekeenez–, eta proiektuaren berri eman zutenean etxeak 2026rako amaitzea aurreikusi zuten arren, badirudi lehenago egon daitezkeela herritarrentzat prest.

Alokabidek kudeatuko ditu alokairu sozialeko etxebizitzak. Jaurlaritzak apirilean emandako datuen arabera, Etxebide etxebizitza zerbitzuak 292 etxebizitza eskatzaile ditu Orion, horietatik % 74 alokairu erregimenean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide