Orioko itsas ondareari buruzko bisita gidatuak ematen hasiko dira larunbat honetan

Andrea Zipitria 2024ko uzt. 12a, 10:00

Uztaileko eta abuztuko larunbatetan izango dira, 11:00etan hasita, eta herriko historiaren pasarte esanguratsuenak azalduko ditu gidak ordubeteko saioan. Parte hartu nahi duten herritarrek, izena eman beharko dute aurrez.

Orioko itsas ondareari buruzko bisita gidatuak antolatu ditu aurten ere Orioko turismo bulegoak, uda sasoirako. Bihar, larunbatarekin, egingo dute lehen saioa. Datozenak, uztaileko eta abuztuko larunbatetan izango dira, 11:00etan hasita, eta herriko historiaren pasarte esanguratsuenak azalduko ditu gidak ordubeteko saioan, turismo bulegotik abiatuta.

Bisitaren helburua "iraganera bidaia egitea izango da, modu atsegin eta dibulgatzailean". Hala, hiribilduaren sorrera, burdinolak, merkataritzatik eratorritako zergak, ontziolak eta balea-arrantza izango ditu hizpide, Begi Bistan aisialdiko zerbitzuen enpresako Violeta Bandresek.

Esan bezala, uztaileko eta abuztuko larunbat guztietan errepikatuko dituzte saioak). Hizkuntzak txandatuko dituzte. Hona hemen bisita gidatuen egutegia:

  • 2024-07-13: Gaztelaniaz
  • 2024-07-20: Euskaraz
  • 2024-07-27: Gaztelaniaz
  • 2024-08-03: Euskaraz
  • 2024-08-10: Gaztelaniaz
  • 2024-08-17: Euskaraz
  • 2024-08-24: Gaztelaniaz
  • 2024-08-31: Euskaraz

Izen-ematea

Bisitak hiru euroko prezioa du, eta aldez aurretik izena eman behar da turismo bulegoan (943 83 55 65, infoturismoa@orio.eus).

Tokia mugatua da bisitetan.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide