Herritarrei birziklatzeaz ohar bana helarazi nahi diete Orioko Udal Liburutegiak eta Urola Kostako Udal Elkarteak

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 6a, 10:00

Aita Lertxundi kalean arropa birziklatzeko dagoen edukiontzian, arropa poltsetatik kanpo. (UKUE)

Bi erakundeek azaldu dute herritar batzuk "desegoki" ari direla erabiltzen kultur etxe kanpoan liburuak itzultzeko dagoen buzoia nahiz Aita Lertxundi kalean arropa birziklatzeko dagoen edukiontzia.

Herritarrek gero eta kontzientzia gehiago dute birziklatzearen inguruan, baina batzuetan, gaizki erabiltzen dira herrian birziklatzeko dauden zerbitzuak. Aste honetan bertan, bi erakunde desberdinek eskatu diete herritarrei ondo erabiltzeko horiek.

Batetik, udal liburutegiko arduradunek jakinarazi dute herritar batzuk "etxean soberan dituzten liburuak botatzeko" erabiltzen ari direla kultur etxe kanpoan dagoen buzoia. Buzoiaren erabilera bakarra, ordea, da liburutegitik hartutako liburuak itzuli ahal izatea liburutegira bertara sartu behar izan gabe. "Oso egoera txarrean dauden liburu mordoa agertu da buzoian, eta eskatu nahi diegu ez dezatela gehiago erabili horretarako", adierazi dute.

Urola Kostako Udal Elkarteak ere eskaera zehatza egin die herritarrei Aita Lertxundi kalean arropa birziklatzeko dagoen edukiontziaren erabileraz: izan ere, arropa birziklatzeko kaxara arropa asko sartu dute poltsetan bildu gabe. "Herritarrei eskatzen diegu arropa poltsetan sartzeko, bestela horiek izorratu edo zikindu egin daitezkeelako, eta ezingo direlako berrerabili".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide