Elkarrizketak

Ekain Zubizarreta: "Aulki mugikorrak ez dauka traineruak duen ikusgarritasuna"

Oier Romatet 2024ko uzt. 24a, 10:00

Arraunari buruzko elkarrizketa gehienetan, Orioko klubaz hitz egitea ia saihetsezina da. Hizketaldi horiek traineruaren bueltakoak izan ohi dira normalean, nahiz eta ez den hori Orioko elkartean lantzen duten modalitate bakarra. Bada beste bat elkartearen hastapenetatik praktikatzen dutena: aulki mugikorra. Ekain Zubizarreta Orioko klubeko kideak eman ditu azalpenak.

Ezagutzen ez duenari nola azalduko zenioke zertan datzan aulki mugikorraren modalitatea?

Ez da hemen garatutako modalitatea, kanpotik etorritakoa baizik, mundu osoan zabalduta dagoena, Olinpiar Jokoetan egiten den arraunketa mota. Berezitasun handiena du berez ez zela garatu itsasoan egiteko; orduan, ontziak askoz ere finagoak eta baxuagoak izaten dira hemengo arrantzontziekin? konparatuta. Bestetik, hemengoek tosta (esertzeko tokia) eta hanka tokia finkoak dituzten moduan, aulki mugikorretan tosta mugitu egiten da, eta beraz, lana gorputzeko beste atal batzuekin egin behar izaten da. Hankek askoz garrantzia handiagoa dute eta arraunketa teknika desberdina da.

Zenbat laguneko ontzietan praktikatzen da aulki mugikorra?

Bakarka egin daiteke, bi arraunekin egin daitekeelako. Binaka ere bai, launaka edo zortzinaka.

Orioko Arraunketa Elkartea 1965an sortu zuten, eta klubean ordutik landu izan da aulki mugikorreko arraunketa, ezta?

Bai. Esan beharra dago lehenago aulki finkoko arraunketa egiten zela hemengo kostaldean, batel, traineru edo trainerilletan egiten den arraunketa hain zuzen. Kluba sortzearekin batera, oriotarrek pentsatu zuten munduko beste tokietan egiten zuten arraunketa mota hori ere probatu nahi zutela, eta beraiek ere horretan lehiatu, eta horrela, hemengo lehiaketetara mugatu beharrean, mundu mailako txapelketetara ere zabaldu.

Emakumeak aulki mugikorrean. (Ander Basurto)

Oriotarrek ere munduko beste tokietan egiten zen arraunketa mota hura probatu nahiz zuten"

Nahiz eta klubean aspalditik landu izan duzuen, beti gelditu izan da traineru arraunketaren itzalean, baina azken urteotan aulki mugikorreko arraunketari ere garrantzia handiagoa ematearen aldeko apustua egin duzue elkartean. Zergatik?

Egia da beti ez duela garrantzi bera izan, eta ez dira konparagarriak Eusko Label Liga eta Euskotren Ligare lehiatzen duten traineruek duten indarra, eta modalitate olinpikoak duena. Ez da erraza horiei biei eustea eta elkarrekin uztartzea; beraz, urte batzuetan bati garrantzia handiagoa eman zaio besteari baino. Azken urteetan batez ere gazteek egiten zuten aulki mugikorra, baina aulki finkoari ere garrantzia handia ematen zitzaion, eta duela bi urte erabaki genuen gazte mailetan aulki mugikorra lantzea ia modu esklusiboan.

Garbi esango dut: apustu bat da, eta batzuk ez daudela ados horrekin. Ikusiko dugu luzera begira emaitza onak ematen dituen edo ez, baina aurreko funtzionamenduarekin ez ginen ari nahi genituen emaitzak lortzen. Apustu hori egiteko arrazoiak bi dira: batetik, ikusten dugula teknikoki exijentzia maila handiagoa dela eta uste dugula arraunlari hobeak lor ditzakegula; eta bestetik, fisikoki egin beharreko lana pixka bat ezberdina izan arren, uste dugula arraunlari batek aulki mugikorretik finkorako trantsizioa nahiko erraz eta azkar egin dezakeela. Horrek aukera ematen digu maila oso altua duen jendearen aurka lehiatzeko gaztetatik. Uste dugu horrek exijentzia maila ere handitu egingo duela, eta gero, traineruan lehiatu nahi badute, senior mailan agian oraingo maila igotzea ere lortuko dute.

Banaka, binaka, launaka eta zortzinaka ere parte hartu daiteke aulki mugikorreko ontzietan. (Ander Basurto)

"Apustu bat da, eta batzuk ez daude ados egindako apustuarekin"

Beraz, arraunketa mota bat egitetik besterako jauzia egitea ere posible da; alegia, aulki mugikorrean hasi eta gero aulki finkora pasatzea.

Hori da. Gazteen kategorietan markatuago egon daiteke, eta errazagoa da aulki mugikorrean denboraldi oso bat egitea. Orain traineruen ligak hartu duen pisuarekin zaila da senior mailan jendeak aulki mugikorra bakarrik jorratu nahi izatea. Inguruan baditugu klub batzuk hori lantzen dutenak eta horretara bakarrik mugatzen direnak, baina hemen zaila da. Nahiz eta munduko txapelketetara joan zaitezkeen, nahiz eta Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera eduki, aulki mugikorrak ez dauka traineruak duen ikusgarritasun hori. Beraz, Orioren kasuan zaila da behin seniorretara helduta aulki mugikorrean bakarrik zentratzen den jendea edukitzea.

Esan bezala, aulki mugikorra da Olinpiar Jokoetan egiten den arraunketa mota, eta horregatik, arraunketa olinpikoa ere deitzen zaio. Zer-nolako presentzia edo indarra du modalitate horrek nazioartean? Eta Euskal Herrian?

Nazioartean, oso ezaguna da herrialde batzuetan. Ingalaterrako Oxford, Cambridge eta beste zenbait estropada gehienok ezagutzen ditugu edo gutxienez entzun izan ditugu haien inguruko berriak. Herrialde batzuetan arraunerako joera handia dago, eta arraunak izen eta ospea du. Gero, noski, Olinpiar Jokoaren parte hartzeko aukera horrek ere ematen dio beste maila bat, eta urtero egiten diren munduko txapelketek ere. Espainian, berriz, maila badago, baina ez Frantzian, Alemanian edota Italian adinakoa. Uste dut Espainiako lau ontzi sailkatu direla Olinpiar Jokoetarako.

Euskal Herrian, aulki mugikorrarentzat urte oso onak egon ziren 90. hamarkadan. Oriok ere urte oso onak izan ditu; munduko txapeldunak badira Orion, eta munduko txapelketetara joan direnak gehiago ere bai. Azken urteak ez dira oso onak izan, eta hemendik aurrera, ikusiko dugu; oraingo dinamika aldaketaren emaitzak urte batzuetara ikusiko ditugu, eta ea lortzen dugun berriro jendea mundu mailako edo Europa mailako txapelketetara bidaltzea. Hori bada erronka eta helburuetako bat.

Zortzinaka ere parte hartu daiteke aulki mugikorreko ontzietan. (Ander Basurto)

"Aukera ematen digu gaztetik maila oso ona duen jendearen aurka lehiatzeko"

Eta modalitatearen barruan, Oriok zer leku edo presentzia du?

Euskal Herrian, Oriokoa izan zen aulki mugikorreko arraunketa lantzen hasi zen lehenengo kluba. Urte batzuetan nazioarteko estropadak antolatu izan dituzte; aurtengoa XIX. edizioa izan da. Garai batean Oxford-Cambridge-Orio estropadak ere egin zituzten; mundu mailako ospe handiko beste ontzi batzuk ere etorri izan dira... Oriok badu izena eta ospea, bai estatu mailan eta baita nazioartean ere: Portugalen, Frantzian... Orio ezaguna da horientzat. Aurten, adibidez, gertatu zaigu Galiziara txapelketa batera joan eta hango estropada komentatzen ari zen esatariak mikrofonotik esatea "ze poza berriz Orio hainbeste gazterekin hemen ikustea, maila honetan lehiatzen". Badago Orio izan denaren historia hori.

Gaur egun, Orioko klubean zenbat jende ari da aulki mugikorreko arraunketan lehiatzen?

Momentu hauetan, gehienbat gazteek egiten dute aulki mugikorra, 11-12 urterekin hasi eta 18 urtera arte; hor sartzen dira arraun eskolan ditugun gazteak. Horiek 90 pertsona inguru dira. Gero badaude zortzi beterano ere lehian dabiltzanak. Seniorrak, gutxi gorabehera, 60 bat izango dira traineruetan, eta horietako batzuk aurten parte hartu dute aulki mugikorreko zortzikoan eta bakarkako skiff-ean, baina, orokorrean, trainerura mugatu dute beraien jarduna. Beraz, denera, 100 bat lagun ibiliko gara aulki mugikorrean.

Bakarlari bat, aulki mugikorreko ontzian. (Ander Basurto)

Arraun elkarte askotan gertatzen den arazoa da gaztetan kirolari asko izaten dituztela, baina urteak betetzen joan ahala, kopuru hori asko murrizten dela. Aulki mugikorrean ere hori gertatzen al da?

Ikusi beharko da hori. Oraindik goiz da esateko modalitate honen alde egin dugun apustuak zer emaitza ekartzen dituen. Oraingoz behintzat, ikusten ari garenak itxaropena izateko motiboak ematen dizkigu. Lehengo urtean, jubeniletatik seniorretara pasatzeko kategoria horretan genituen arraunlari gutxien, normala den moduan. Azkenean, berriren bat edo beste beti hasten den arren, ohikoa da gehiago izatea uzten doazenak. Agian urte batzuetan ez dugu jakin jubeniletatik seniorretarako lotura hori egiten, edo ez dugu nahikoa landu: salto handia ikusten da, aukera gutxi... Uste dut aulki mugikorrak eman dezakeela aukera jauzi hori modu naturalago eta mailakatuago batean egiteko.

Datozen urteetan ikusi beharko da hala gertatzen den edo ez. Baina inguruko klubekin harremanetan egonda eta dauden egoerak ikusita, poza ematen du infantiletako kategorian gazte pila bat izateak. Gazteak baditugu, eta uste dut gauzak ondo eginda eta aukerak emanda, lortuko dugula orain infantiletan dugun kopuru horri hein handi batean behintzat eustea jubeniletara jauzia egiterakoan, eta hortik seniorretara ere mantentzea.

"Ontzi horietako bakoitzak kostu handia du, eta antolakuntzan ere lan handia egitea eskatzen du"

Gazte horiek guztiak behar bezala entrenatzeko ontziak ere beharko dira, eta horrek ahalegin ekonomiko handia eskatuko du, ezta?

Hala da, bai. Egia esan, hori bada arraunak duen desabantailetako bat atletismoarekin edo material aldetik askoz exijentzia gutxiago duten beste kirolekin konparatuta. Txapelketa baterako, adibidez, gure kasuan bi atoi prestatu behar izaten ditugu 70 gazterentzat 22 bat ontzi eraman ahal izateko. Batetik, ontzi horietako bakoitzaren kostua handia da, eta beste aldetik, antolakuntza lan handia eskatzen du: gidariak behar dira atoi horiek eramateko; autobusak ere kontratatzen ditugu, 70 gazte ezin baitira gurasoei mesedeak eskatuta mugitu... Egia da alde horretatik ez dela kirol erraz bat, eta ezta merkea ere. Hor elkarteak apustua egin behar du.

Diru pribatua bilatzea da aukeretako bat, baina, kasu honetan, diru publikoaz finantzatzen gara batez ere. Diru laguntza publikoak dira gure diru sarreren zatirik handiena, eta alde horretatik, udalari ere eskerrak eman behar dizkiogu egiten ari den ahaleginagatik. Gu saiatzen gara daukagun horrekin eta ditugun baliabideei –nola giza baliabideak, hala baliabide ekonomikoak– ahal dugun probetxu gehien ateratzen. Aulki mugikorraren aldeko apustua egin dugun honetan, gazte asko etorri zaizkigu, talde oso handiak ditugu, eta hor ontziak behar dira, arraunak, entrenatzaileak...

Laukote bat aulki mugikorrean. (Ander Basurto)

Nolakoa da lehiatzeko modua aulki mugikorrean?

Aldatuz joan da azken urteetan. Gipuzkoa mailan antolatzen dituzten txapelketak dira gehienbat. Liga bat antolatzen dute. Liga horrek estropada batzuk izaten ditu urte hasieran, distantzia luzeko edo jaitsiera bezala ere ezagutzen ditugunak. Horietako gehienak Hondarribian egiten dira, eta ibaian egiten diren sei kilometroko jaitsierak izaten dira. Gero, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak egiten dira.

Beranduago hasten da distantzia motzeko estropaden denboraldia; garai batean hori bakarrik zegoen. Denboraldi horretan, asteburu batean Gipuzkoako Txapelketa izaten da; hurrengoan Euskadikoa; bi astera kadeteek, jubenilek eta seniorrek Espainiako txapelketa izaten dute; eta beste bi astera, infantilek eta beteranoek. Denboraldia, beraz, uda arte izaten da. Gero, selekziora sartzeko txartela lortzen dutenek selekzioarekin pasatzen dituzte aste batzuk, normalean Sevillan, eta aurten, adibidez, Gaztetasunaren Kopa deitzen diotena Txekiar Errepublikan izango da abuztuan. Badut gure gazteren bat joateko esperantza, baina ikusiko dugu...

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide