Atzo iluntzean, giro makurrarekin ospatu zen Orioko Gukakide Festa; euriarekin eta hotzarekin. Hori bai, herritarrek berotu zuten jaia; herritarrek, eta eragileek. Izan ere, erraldoiek kalejira egitea erabaki zuten euritan izan arren, eta Harribileko dantzariek ere, plazako lurra lehor-lehorra egon ez arren, festarako sortutako pieza dantzatu zuten.
Eskuzabalak izan ziren guztiak: Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako bina ikasle elkarrekin igo ziren oholtza gainera Gukakide Festarako sortutako bertsoak abestera, eta Xabier eta Ganix Sukia aita-semeek ere gauza bera egin zuten. Bertso bikainak bota zituzten. Horrelaxe hasi zen aurkezpen ekitaldia. Kantuan.
Horren aurretik, esan bezala, kalejira egin zuten Pello eta Nikolasa erraldoiek eta erraldoi txikiek Orioko txarangarekin, kultur etxetik abiatu eta Sarasua parera arte, eta ondoren Arrantzale kaletik barrena plazara. Han dantzan aritu ziren erraldoiak txarangaren doinu biziek lagunduta.
Ekitaldian, bertsoen ondotik Iratz Urkizu aurkezleak azaldu zuen duela bost urte sortu zutela UKT kooperatiba eskualdeko euskarazko komunikabide gehienek, eta orain denentzat izen bakarra jartzea "erabaki zaila baina beharrezkoa" izan dela, eta "izena bai, izana ez" dela aldatuko.
Orio Guka aldizkariko bi kolaboratzaile –Aritz Pardina filosofoa eta Amaia Olazabal Paxo AEKko arduraduna– igo ziren gero oholtzara, eta Andrea Zipitria Orio Gukako kazetariak elkarrizketa bizi-bizia egin zien.
Ekitaldia kantuan hasi zen, eta dantzan amaitu, Harribil dantza taldeko bost kidek eskainitako pieza bizi eta ederrarekin. Elkarrekin pintxo batzuk janez eta haur zein helduk bingo musikatuan jolastuz amaitu zen Gukakide Festa.
Ordezkariak
Ekitaldian herritar asko elkartu zen, baita herriko hainbat eragiletako kideak eta udal ordezkariak ere. Besteak beste, bi ikastetxeetako zuzendariak bertan izan ziren, baita Karkarako hainbat kide edota Anuska Esnal alkatea ere.
Horrez gain, Orio Gukak komunitateko hainbat kideri eskatua zien atzoko ekitaldirako esaldi bakarren adierazi zezatela beraientzat zer den herri kazetaritza edo herri komunikabide bat, eta ekitaldian postetik postera jarrita egon ziren kartelak. Atzo irakurtzerik izan ez zutenentzat, hona hemen herritarren eta eragileen iritziak:
Ainara Peña (herritarra): "Herrigintzaren berri emanez, elkarrengana gerturatzen laguntzen diguten kazetariak"
Idoia San Sebastian (Orioguka.eus-eko kolaboratzailea): "Gertuko gertakarien berri ematen duen kazetaritza, hau da, besteak beste Orio, Zarautz, Getaria, Aia, Zumaia, Azpeitia eta Azkoitian gertatzen dena jasotzen duena"
Nerea Etxeberria (Kutixi kafetegia): "Askotan hobeto jakiten dugu mundu zabalaren berri ondokoaren berri baino, eta ze ona euskaraz edukitzea herriaz eta eskualdeaz informatuko gaituzten aldizkaria eta egunkaria bezalako euskarriak"
Ahmed Aissa (kazetaritza ikaslea eta OrioGukako kolaboratzailea): "Herriari helarazten diozun gertutasuna da eta, batez ere, konfiantza. Kazetariak guztiaren gainetik egia eta gardentasuna zor dizkio herriari".
Ritxi Uzkudun (Karkarako lehendakaria): "
"-Zer moduz hankak hi? Gukan ikusi dizkiat larunbateko argazkiak. Arpegi ederra heukan!
-Joe hi, ze ona idatzi duan artikulua Gukan, bete-betean asmatu dun.
Komunikabide batek komunitatea egiten du".
Ainhoa Zumeta (Zaragueta Herri Eskolako zuzendaria): "Karkara hasi eta Guka-k segi. Nork bere izaera mantenduz, indarrak batuz, aurrera segi dezagun herriz herri".
Amaia Ugalde (Orio Herri Ikastolako zuzendaria): "Zer den Ikastolarentzat Karkara, Guka edo herri komunikabidea? Bada, euskalgintzan eta herrigintzan Oriok duen altxorretako bat da; gertukoa, konfiantzazkoa eta euskalduna".
Jakes Goikoetxea (Berria egunkriko kazetaria): "Gertukoa eta aurrez aurrekoa da. Profesionala. Sarritan kazetaritza deitzen ez bazaio ere, KAZETARITZA dena".
Itziar Cortes (Gukakidea): "Herri komunikabideak gertu sentitzen diren medioak dira, ezagunak, bertakoak..."
Orioko AEK: "Euskaltegiaren erakusleihoa da; gure ikasle eta mintzalagunen testigantzak jasotzen baitira , eta bide batez, haien euskararen normalizazioan erreferentziako komunikabidea baita"
Iñigo Gaiton (Karkarako kidea): "Herri kazetaritzak izan behar du kazetaritza handiagoen prestigio bera. Horretarako, landu behar da gertutasunez, bizitasunez, detaileak zainduz, arreta jarriz eta jakina, euskaraz; gure kasuan, Orioko euskararen musika eta hitzak jasoz".
Orio Arraunketa Elkartea: "Herriko bitxikeria sarearen erakusleihoa.
Marisa Arruabarrena (Salatxo abesbatzako kidea): "Herriko berri izateko ezinbestekoa da gure KARKARA".