Lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur Orioko Udalak eta Urolako Komunikazio Taldeak

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 22a, 17:00

Gaur eguerdian, Anuska Esnal Orioko alkatea eta Gorka Zabaleta UKTko zuzendari nagusia, lankidetza hitzarmena sinatzen. (Onintza Lete Arrieta)

Anuska Esnal alkateak eta Gorka Zabaleta UKTko zuzendari nagusiak sinatu dute hitzarmena. Hala, Orioko Udalak 36.000 euroko dirulaguntza emango dio aurten komunikazio kooperatibari, eskualdean euskarazko komunikazio zerbitzuak garatu eta emateko.

Lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian Orioko Udalak eta UKT Urolako Komunikazio Taldeak, eta dokumentuak sinatzeko udaletxean elkartu dira Anuska Esnal alkatea eta Gorka Zabaleta UKTko zuzendari nagusia. Aurten 36.000 euroko dirulaguntza jasoko du eskualdeko komunikazio kooperatibak, biztanleko 6 euro.

Orain arte 30.000 euro ematen zizkion udalak –biztanleko 5 euro inguru–, eta aurten igo egin du laguntza. Izan ere, duela bost urte sortu zen UKT kooperatiba eskualdeko euskarazko komunikabideak batzeko eta indartzeko, eta atzo bertan beste urrats bat aurkeztu zuen kooperatibak: marka bateratua, Guka. Izenak bateratzeaz gain (Karkara OrioGuka da orain), eskaintza hobetu du kooperatibak, eta bazkidetze formula berria sortu ere bai.

Alkateak azaldu du laguntza igotzearen arrazoia: "Jakinda euskarazko hedabidea dela eta gure egunerokoa gehien islatzen duena, geure herritik gertuen dagoen komunikazio iturria dela, udalean ez genuen zalantzarik eduki behar bezainbeste babestu behar genuela proiektua, eta horregatik egokitu dugu diru ekarpena eta hitzarmen berri bat sinatu dugu, gure diru kopurua handituz".

Esnalek gaineratu duenez, "garai batean diru dezente gastatzen zuen udalak beste komunikabide batzuetan, baina hori eten egin zen, eta orain argi dugu herritik eta euskaraz egiten duten komunikabideak babestu nahi ditugula, eta horixe da hitzarmen honekin lortu nahi duguna".

Zabaletak eskerrak eman dizkio Orioko Udalari komunikazio kooperatiba egiten ari den urratsetan bidelagun izateagatik: "UKTrentzat horrelako aldaketa prozesu batean oso inportantea da udalen babesa, herrietatik bultzatu behar den proiektu bat delako eta hor, funtsezkoa da udalek ere bat egitea gure ikuspegi estrategiko horrekin eta eraldaketa horrekin. Hori, gainera, ekarpen ekonomiko batekin gauzatzen bada, are eta hobeto".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide