Orioko Hezkidetza Mahaiaren lehen fruituak, argitara

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 15a, 16:37

Hezkidetza Mahaiko kideak, gaur eguerdian, Saregile emakumeen etxearen atarian. (Onintza Lete Arrieta)

2023. urte amaieran sortu zuten mahaia, eta egunotarako prestatu duten LGTBIQ+ zikloa aurkeztu dute gaur eguerdian Saregile emakumeen etxean mahaia osatzen duten eragileek eta Oriyoko Pakak Transmaribibollo Taldeak.

Pausoz pauso, ari da bidea egiten Orioko Hezkidetza Mahaia, eta gaur eguerdian aurkeztu dute bilerek emandako lehen fruituak, hurrengo egunetarako LGTBIQ+ Zikloa prestatu baitute mahaiko partaideek. Foro hori 2023 amaieran jarri zuen martxan Orioko Udalak herriko eragile batzuekin batera, herrian berdintasuna sustatzeko helburuarekin, eta begirada haur eta nerabeengan jarrita. Horregatik, mahaian parte hartzen ari dira herriko bi ikastetxeak –Zaragueta Herri Eskola eta Orioko Herri Ikastola–, Txurrumuski aisialdi taldea, Danbolin Dantza eta Musika Eskola, Maria Maestra Haurreskola, Saregile emakumeen etxea eta udaleko hainbat sailetako ordezkariak. 

Herrira begirako aurreneko ekintzak transmaribollo kolektiboaren inguruan antolatu dituztenez, Oriyoko Pakak Transmaribibollo Taldeak ere parte hartu du horien lanketan. Ostiral honetan bertan –hilak 17– hasiko da zikloa –LGTBIQ+ fobiaren aurkako eguna da– eta ekainaren 28an amaituko da, kolektibo horren Harrotasun Egunean, hain zuzen. Miriam Garcia Saregileko arduradunak gaurko agerraldian azaldu du "lehen erronka" izan dela LGTBIQ+ gaia lantzea "ikastetxeetan eta haietatik kanpo", eta horretarako prestatu dutela hilabete osoa iraungo duen programazioa. 

Kanpora begirako ekintzez gain, barne lanketa ere egingo dute datozen asteetan ikastetxeeek eta Txurrumuski aisialdi taldeak, eta helburua izango da urtero lantzea gaia, urteko sasoi honetan bereziki. Agerraldian jakinarazi dutenez, jarduerak mailen arabera egingo dituzte. Haur Hezkuntzako ikasleekin, esaterako, sormen ekintzak antolatuko dituzte ikastetxeek, eta Lehen Hezkuntzan familia, gorputz eta sexualitate eredu desberdinak landuko dituzte, taldeka.

Horrez gain, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin haien gustuko telesailak eta abestiak aztertuko dituzte, eta herritarrei zuzendutako saio irekiaz gain, DBH 3 eta 4 mailetako ikasleentzako zine emanaldia ere egingo dute. Txurrumuskik, bestalde, hainbat ekintza eta dinamika egingo ditu elkarteak kudeatzen dituen espazioetan; hau da, Ludotekan, Gaztelekuan eta udaleku irekietan. Azken horretan, mural bat margotuko dute haurrekin herrian.

Lau oinarri nagusi

Ainara Munduate Orioko Udaleko zinegotziak ere hartu du hitza agerraldian. "Eragile guztiok norabide berean lan egitea da helburua, pedagogia feministaren lanketa herri osora zabalduz", azaldu du.

Hain zuzen, lau oinarri nagusiren gainean jardun nahi dute: "Genero femeninoa edo maskulinoa alde batera utzita heztea; pertsonen banakotasunaren garapena sustatzea; sexuen araberako rolak ezabatzea; eta botere-harremanak deuseztatzea: arraza, generoa, sexualitatea, gaitasunak...".

Egitaraua

  • Etzi, ostirala, hilak 17. Elkarretaratzea, plazan, 19:00etan, LGTBIQ+ fobiaren aurka eta Palestinarekin elkartasunez.

  • Maiatzak 23, osteguna. Zinegoak LGTBIQ+ film laburren emanaldia, 18:00etan, Saregilen.

  • Ekainak 4, asteartea. Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakaslearen hitzaldi-mintegia: Sexu eta genero aniztasuna eta haur literatura. 17:30ean, Maria Maestra Haurreskolan.

  • Ekainak 6, osteguna. Libe Osa sexologoaren tailerra, nerabeen gurasoei zuzenduta, Nerabeen sexualitatearekin zer? izenburupean. 18:30ean, Saregilen.

  • Ekainak 28, ostirala. LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguna. San Pedro festei hasiera emango dien txupinazoa eta beste hainbat ekintza, Oriyoko Pakak Transmaribibollo Taldearen eskutik. 20:00etatik aurrera, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide