Oriok irabazi du Ondarroako bandera

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abu. 26a, 19:40

Orio Orialki gizonen trainerua Ondarroako banderarekin, jardunaldia bukatutakoan. (Orio Arraunketa Elkartea)

Bigarren txanda irabazita, Orio Orialki nagusi izan da Ondarroan. Getaria, berriz, seigarrena izan da 20:50,96 denbora eginda.

Gaur arratsaldean Ondarroan jokatu da Eusko Label ligako jardunaldia, eta Oriok irabazi du bandera. Herriko traineruak bigarren txandan egin du arraunean Lekittarra, Cabo eta Getariaren aurka. Estropadaren hasieratik Orio jarri da estropadaren buruan, eta zortzi segundoko errenta atera dio bigarren izan den Lekittarrari helmugan, 20:29,96 denbora eginda.

Ohorezko txandan, berriz, ezustekoa gertatu da. Baldintzak okertu egin dira eta txanda horretan parte hartu duten traineruek sufritu egin dute uretan. Hondarribiak irabazi du ohorezko txanda sailkapen nagusian liderra den Urdaibai atzean utzita, baina ezin izan du Oriok bigarren txandan egindako denborak hobetu; beraz, bandera oriotarrentzat izan da. Bigarren izan da Lekittara eta hirugarren Hondarribia. Getaria, berriz, seigarren sailkatu da 20:50,96 denbora eginda.

Ander Etxegoien oriotarren patroiak Euskal Telebistari azaldu dionez, "oso pozik" daude. "Badakigu ohorezko txandan baldintza aldaketa bat gertatu dela eta horrek eragina izan duela; horregatik, hankak lurrean izanda lanean jarraituko dugu".

Bihar Getarian izango da jardunaldia, eta iragarpenek eguraldi kaskarra, metro eta erditik gorako olatuak eta haize bolada handiak aurreikusi dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide