"Arraunean beti aritzen gara serio, eta taldean oso giro ona dugu gainera"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko abu. 24a, 12:19

Oihan eta Ekhi Gozategi arraunlariak. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Oihan eta Ekhi Gozategi arraunlari gazteek Orio Bk KAE2 mailan egin duen lanaren balorazioa egin dute. Izan ere, taldeak lortu du ligako hamar estropadetatik bederatzi irabazita mailaz igotzea.

Orio Arraun Elkarteko bigarren taldeak KAE2 mailatik KAE1 mailara zuzenean igotzea lortu du, ligako hamar estropadetatik bederatzi irabazita. Orioko arraunlari gazteek lan bikaina egin dute udan zehar, eta taldeko bi kiderekin izan da Karkara denboraldian zehar izan duten giroaz hitz egin eta emaitzen balorazioa egiteko, Oihan Gozategi (Orio, 2000) eta Ekhi Gozategirekin (Orio, 2002), hain zuzen ere.

Ligako bandera guztiak irabazi dituzue. Ezustean harrapatu al zaituzte garaipen zaparradak?

Ekhi Gozategi: Espero genuen ondo ibiltzea; talde oso polita genuen eta gure buruan konfiantza ere bai.

Oihan Gozategi: Denboraldi aurreko estropadak guztiz fidagarriak ez badira ere, gure ligako aurkarien aldean ondo genbiltzala ikusi genuen. Horrek ematen zigun esperantza ligan ere lan txukuna egiteko. Hala ere, bederatzi bandera irabazteak ezustean harrapatu gaitu, bai.

Asteburua joan asteburua etorri banderak irabazten hasi zinetenean, helburu handiagoak jartzen hasi al zineten taldeari?

O.G.: Bagenekien gure lana eginez gero, bandera etorriko zirela, eta horretan jardun gara estropadero, gure maila ematen. Portugaleten galdu genuen bandera; oso arraunketa eremu konplikatua da eta alde handia egoten da kale batetik bestera. Nik neuk uste dut estropada horretatik aurrera gehiago baloratu ditugula irabazitako banderak, hasieran baino.

Talde ona zenutela azpimarratu duzue, baina beste zerbaitetan asmatuko zenuten ligako ia bandera guztiak irabazteko?

E.G.: Arraunean beti aritzen gara serio, eta taldean oso giro ona dugu, gainera. Urte asko daramatzagu elkarrekin arraunean, eta lagunarte polita sortu dugu. Gainera, urte askoren jardunaz arraunketa oso barneratuta dugu, eta hori antzeman egiten da uretan.

2022an jaitsi zen Orio B KAE1etik KAE2ra. Uste duzue taldeak behar zuela KAE2 mailan arraunean egin eta sendotzea?

E.G.: Nik uste dut pasa den urtean taldeak ez zuela jaitsi behar, eta KAE1 mailako taldea dela Orio B.

O.G.: Ni ere ados nago horretan, baina egokiagoa iruditzen zait bigarren talde batentzat KAE2an arraunean jardun eta banderak irabazteko lehian aritzea, KAE1ean sufritzen eta arrastaka aritzea baino. Astean zeharreko entrenamenduak ere askoz errazago joaten dira emaitzek laguntzen dutenean.

E.G.: Ni iaz aritu nintzen KAE1ean, eta aitortu behar dut zentzu guztietan urte arraroa izan zela. Taldea osatzeko arraunlari gutxi zituen taldeak. Ni neu, esaterako, Finlandian egon nintzen Erasmusen, eta ekaina bukaeran iritsi nintzenean, liga hasita zegoenean, traineruan sartu nintzen. Hiru hilabete nindoan traineruan entrenatu gabe, eta etorri nintzenean estropada guztiak jokatu nituen. Egoera normal batean, nahikoa arraunlari egongo balira, badakit ez nituela hainbeste estropada jokatuko. 2022ko denboraldia nahiko gogorra izan zen.

Estropadetan emaitzek laguntzen ez dutenean arraunlariaren animoan eragina izaten al du?

E.G.: Bai. Nire ustez iaz Plentziako estropada inflexio puntua izan zen; estropada horretan kaleen artean desberdintasun handia zegoen eta bederatzi puntu galdu genituen. Lehen justu genbiltzan, eta beherakada horrek asko eragin zigun arraunlarioi.

Arraunlari bezala nola ulertzen duzue B taldea?

O.G.: Guk bigarren taldean aritzea arraunlari ibilbideko etapa natural gisa ulertzen dugu. Orio goi mailako taldea da, eta traineru nagusian aritzeko faktore askok bat egin behar dute. Aitortu behar dugu saltoa ematea zaila denean, arraunlariontzat gogorra izaten dela, baina ere berean, horrek esan nahi du talde nagusia ondo dabilela eta zaila dela bertan tokia egitea.

E.G.: Negu osoan zehar elkarrekin entrenatzen dugu bi taldeok, eta jakin badakigu lana handia eginda lortzen dela traineru nagusian sartzeko txartela.

Datorren denboraldian, KAE1 mailan zer nahi duzue lortzea Orio Bk?

E.G.: Hasiera batean helburua litzateke zuzenean maila ez galtzea, eta play offa jokatu ondoren KAE1ean mantentzea. Dena dela, helburuak zehaztu behar dira sortzen den taldearen arabera. Ikusi egin beharko da gaur egungo taldetik zenbatek jarraitzen duten edo norbaitek lortzen duen talde nagusira igotzea. Guk otsailera arte ez dugu jakiten zein taldetan arituko garen, beraz ordura arte oso zaila da Orio Bren helburuak markatzea, faktore askok eragiten dutelako.

O.G.: Gainera, kontutan hartu behar da maila ona dela KAE1 liga. Egia da Orioko arraun elkartea Eusko Label ligan goi mailan ikustera ohituta gaudela, baina elkarteko askotako lehen taldeak KAE1 mailan aritzen dira. Gu aurten KAE1 eta KAE2 ligen arteko denborak konparatzen aritu gara udan zehar; badakigu mareak, korronteek eta haizeak eragina izaten dutela, eta ezin dela konparaketa zehatza egin, baina zenbait estropadatan sailkapenaren erdialdean egongo ginateke, udan zehar egin ditugun denborekin. Beraz, aurtengo blokea mantentzen badugu, aukera izan genezake KAE1 ligan ere txukun aritzeko.

 

 

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide