Euskotren liga amaitzeko hiru estropadaren faltan, Orio Orialkik laugarren bandera eskuratu du gaur arratsaldean Moañan (Galizia), eta lider den Arraun Lagunak traineruari bi puntu janda, bost puntura jarri da. Garaipen garrantzitsua izan da, zalantzarik gabe, oriotarrentzat.
Estropada amaitu berritan, pozik agertu da Iosu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidentea: "Estropada bikaina egin dugu. Azken metroetan pare bat segundo jan dizkigute, baina aurretik atera gara, eta pozik gaude".
Liga irabazteko esperantzarekin jarraitzen dutela esan du Esnaolak, baina pausoak argi ditu: "Garrantzitsuena bandera zen, eta lortu dugu. Bihar ere beste aukera bat izango dugu, baita datorren astean ere, Zarautze. Ligaren bila goaz, dudarik gabe, liga hasieran bezala, baina garrantzitsuena da guk gure lana egitea, eta Arraunek edo Donostiarrak irabazten badute liga, zorionduko ditugu; baina ez dugu etsiko, atzo baino hobeto gaude, eta ea bihar gaur baino hobeto gauden", esan du.
Galizian izango da biharko estropada ere, Boiron, 11:25ean.
Launa bandera
Gaurko estropadan 10:49,40 denbora egin du Oriok, 10:51,64 denbora Arraun Lagunakek, eta 10:55,94 denbora, Donostiarrak. Hala, 73 punturekin sailkapenean lider jarraitzen du Arraun Lagunak taldeak, baina Orio gerturatzen ari zaio, eta 68 puntu ditu. Donostiarra da hirugarren, 57 punturekin.
Bandera kopuruari dagokionez, berdinduta daude Orio eta Arraun Lagunak: launa dituzte bi traineruek, eta bi ditu, berriz, Donostiarrak.