Orioko EAJk datozen udal hauteskundeetara begira osatutako hautagaien zerrenda aurkeztu du gaur goizean, Ibai-Ondoko plazatxoan eginiko ekitaldian. Hainbat alderdikide eta herritar bertaratu dira Noemi Ostolaza zerredaburu eta alkategai izango duen lantaldeari babesa ematera, eta, era berean, herriko jeltzaleek osatu duten hautagaitza ezagutzera. Ostolaza argia izan da aurkezpenean, eta hamasei laguneko talde "sendoa eta anitza" eratu dutela nabarmendu du: "Oriok aurrera egiteko behar duen taldea".
Hurrenez hurren, Orioko EAJren zerrenda ondorengo hautetsiek osatzen dute: Noemi Ostolaza (1), Lourdes Salsamendi (2), Jon Basurko (3), Amaia Gozategi (4), Leandro Azkue (5), Pablo Gomez (6), Marijo Martinez (7), Santi Peiro (8), Ainhoa Usandizanga (9), David Elustondo (10), Crisabel Ogando (11), Ana Bernedo (12), Onofre Gama (13), Eli Huegun (14), Itziar Alkorta (15) eta Luis Fernando Berasaluze (16). "Pauso bat aurrera eman dugun herritarrak gara, Oriok ere aurrera egin dezan", adierazi du hautagaiak.
Gainera, Orio eta oriotarren "izaera, aniztasuna eta ongizatea" izango dituztela giltzarri zehaztu du, eta egungo nahiz etorkizuneko erronkei aurre egiteko gertu agertu da herria eraikitzeari dagokionean. Hala, "konpromisoa sendoa" azpimarratu du: "Oriotar guztien kezkak entzun, lehentasunak ezarri eta lanerako prest gaude". Ildo beretik, herritarrengandik jaso dituzten iritziak, kezkak nahiz proposamenak izan ditu aipagai, azken asteetan auzoz auzo jasotakoak. Haien orrietan idatzita utzitakoak ere erakutsi ditu ekitaldian, eta horiek kontuan hartuko dituztela hauteskunde programan zin egin du.
Programaren ildo nagusiak hiru bloketan banatuko dituzte: batetik, zaintza, berdintasuna eta osasuna; bigarrena, ekonomia, industria eta energia; eta hirugarrenik, kultura, aisialdia eta kirola. EAJko alkategaiak, nolanahi ere, bi proiektu-helburu nagusi izan ditu hizpide bere hitzartzean; bata, saihebidea, eta bestea, adineko pertsonak herrian bertan zainduak izateko asmoa bermatzea.
Gonbidatu bereziak
Ekitaldia Itziar Alkorta alderdikideak gidatu du, eta Ostolazarekin batera, bi gonbidatu berezi izan dira goizeko jardunaldian. Alde batetik, Maria Eugenia Arrizabalaga bailarako batzar nagusietarako EAJren hautagaia eta, bestetik, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. Arrizabalagak eskerrak eman dizkie Orioko zerrenda osatu dutenei erakutsi duten "herrigintzarako konpromisoagatik". Izan ere, "abertzaleak gara gu, eta abertzaletasunak bizi behar badu, konpromiso politikoa behar dugu eta balio komunitarioak". Orioko taldeak hori irudikatzen duela aipatu du.
Aburtok ere hartu du hitza, eta Ostolaza "emakume langilea, zintzoa eta saiatua" dela berretsi du. Orioko hautagaiak hiru urtez aritu zen lanean Eusko Jaurlaritzan Aburtoren taldean, eta, harrezkero, adiskide handiak direla nabarmendu dute. Bilboko egungo alkatearen esanetan, Orioko behar duen aldaketa gidatzeko pertsona aproposa dela azaldu du, eta arraunketarekin alderaketa eginez, Ostolaza "patroi onena" dela iradoki du.
Orioko jeltzaleen zerrendaburuak "gogotsu eta ilusio handiz" heldu dio erronkari, eta agerian utzi nahi izan du politika munduan eskarmentu handia duela: hamabi urtez izan da zinegotzi, aldundian eta Jaurlaritzan ere aritu da, eta egun kabinete burua da Baerdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako Sailean. "Talde osoak konpromiso osoz heltzen diogu eginkizun honi, Orio eta oriotar guztien alde. Dagokion lekua eman nahi diogu gure herriari, gehiago merezi dugula uste dugulako".