2023ko udal eta foru hauteskundeak

Noemi Ostolaza izango da Orioko alkatetzarako EAJren hautagaia

Andrea Zipitria 2023ko ots. 24a, 09:21

Politikagintzan badu ibilbidea Ostolazak; hamabi urtez izan da zinegotzi Orioko Udalean eta Gipuzkoako Foru Aldundian eta Jaurlaritzan ere lan egin du. Gaur egun Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako departamentuko kabinete zuzendaria da.

Noemi Ostolaza Arkauz izango da Orioko alkatetzarako EAJren hautagaia, maiatzean egingo diren udal hauteskundeetan. Gaur goizean egin du publiko EAJak hautagaitza, ohar baten bidez.

Ostolazak badu esperientzia udaletxeko lanetan; izan ere, bertan hamabi urte egin zituen zinegotzi postuan, eta zortzi urteren ostean, herrigintzara bueltatuko da. Beste hainbat erakundetan ere ibilia da; Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan lan egina da. Gaur egun Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako departamentuko kabinete zuzendaria da. Aurretik, berriz, Enplegu eta Gizarte Politiketako departamentuan aholkulari lanetan zortzi urte egin ditu.

Ostolazak adierazi du erronka berri honi "gogotsu eta ilusioarekin" aurre egingo diola, eta "eskarmentu handia duen lantaldearekin Oriorentzat eta herritarren onerako" izango den programa bat osatzeko konpromisoa agertu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide