[KATALUNIARA BEGIRA] Monika Juaristi: "Jende askok aldatu du iritziz Espainiaren jarrera tarteko"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko ira. 29a, 10:17

Monika Juaristi (Azpeitia, 1989) Sant Cugat del Vallesen (Bartzelona, Katalunia) bizi da duela bi urtetik. Erreferendumaren harira, "une oso polita" ari dela bizitzen esan du, eta prest dago igandean boza emateko.

Monika Juaristi. Erreferendumaren atarian, zer giro dago Sant Cugaten? Inoiz baino estelada gehiago ikus daitezke etxeetan, erreferendumari buruzko paperez-eta beteta daude kaleak eta asko hitz egiten da galdeketaz. Herritar gehienak erreferendumaren aldekoak dira Sant Cugaten, eta animatuta daude, gogotsu. Emozioa nabari da kalean. Ez dakigu zer gertatuko den, baina bizitzen ari garen unea oso polita da, egunero iristen zaizkigun berriak kenduta. Nola bizi izan dituzu azken asteak? Komunikabideei begira, eta normala den bezala, egunero hitz egin dugu erreferendumaz etxean, lagunartean… Denok gaude urriaren 1ari begira, baina egunerokoak berdin-berdin jarraitzen du, protestak-eta salbu. Atxiloketak izan ziren egunean Bartzelonara joan nintzen, eta sekulako jendetza zegoen protestan. Herria indartsu dago, inoiz baino erabakitzeko gogo eta nahi handiagoarekin, eta kataluniarrak oso batuta daude. Igandean emango duzu boza? Noski. Goizean goiz joango naiz egokitu zaidan bozkalekura. Ez dakit zerekin egingo dugun topo, baina... Ni bizi naizen auzoa oso txikia da, eta ez dut arazorik espero. Dena den, batek daki! Zergatik emango duzu botoa? Hitz gutxitan esanda: boza ematea nire eskubidea delako eta erabakitzeko eskubidea dugulako. Nola aldatu da Kataluniako gizartea azken urteotan? Aste honetan bertan gertatu zaidan istorio batekin laburtuko dut. Orain arte espainiarra sentitu den eta erreferendumaren aurka agertu den lagun bat daukat. Joan zen asteazkenean, garagardo bat eskuetan, erreferendumaren gaia atera zen mahaira, eta bat-batean esan zidan: "Igandean bozkatzera joango naiz, eta ziur aski, independentziaren alde egingo dut". Harrituta utzi ninduen. "Eta hori?", galdetu nion. "Nire eskubideak zapaltzen dituen estatu batean ez dudalako nahi bizi, demokrazia faltsu batean bizi nahi ez dudalako", erantzun zidan. Topa egin eta trago bana eman genion garagardoari. Jende askok aldatu du iritziz Espainiaren jarrera tarteko. Euskalduna izanik, zer sentitzen duzu halako abagune baten aurrean egonda? Nire herriarentzat nahi dudana ari naiz bizitzen. Jazotako gertaera guztiek batu egin dituzte Katalunia eta kataluniarrak, eta espero dut Euskal Herria ere laister egoera horretan egotea. Egunetik egunera ari dira gauzak aldatzen. Boza eman ahal izango duzue igandean? Dakidana da botoa ematen saiatuko garela. Aste honetan bertan irratian entzun nuen Josep Maria Terricabras filosofo eta europarlamentariak beldurrari buruz egindako konparaketa didaktikoa: "Gauez basoa zeharkatu behar baduzu eta bakarrik bazoaz, beldur izango zara; hamar lagun joanez gero, ez duzu horrenbeste beldur izango; ehun joanez gero, ez duzu inolako beldurrik izango; eta mila joanez gero, basoak izan beharko luke beldurra". Igandean milioika lagun izango gara bozkalekuetan, eta botoa emateko asmoa eta gogoa erakutsiko dugu. Nolakoa izango da urriaren 2a? Ezin jakin. Egunetik egunera ari dira gauzak aldatzen, eta… Dakiguna da urriaren 1ean ez bada, azaroaren 1ean, abenduaren 1ean edo urtarrilaren 1ean bozkatuko dugula. Herri honek erabakitzeko nahia agertu du, eta herri bat ezin da isildu. Lehenago edo beranduago bozkatuko dugu, eta, orduan, emaitzek esango dute nolakoak izango diren biharamuna, datozen asteak eta datozen hilabeteak.  

Adierazpenak Bilborako autobusak eta hainbat egitasmo U1a babesteko

Azpeitian, Getarian, Azkoitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian erreferendumaren aldeko adierazpenak eta mozioak onartu dituzte. Zestoan, Zumaian, Orion eta Getarian hitzorduak dituzte igandean. Azpeitian, berriz, elkarretaratzea egin zuten atzo. Honako lotura honetan irakur daitezke herriz herri Kataluniari babesa agertzeko egin dituzten eta egingo dituzten egitasmoen gaineko azalpenak. Bestalde, hona hemen Begotxu Olaizola ANC Euskal Herriako kideari egindako elkarrizketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide