Bigarren bandera Orioko gizonezkoentzat

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 9a

Emakumezkoak hirugarren sailkatu dira gaur ere, eta, ondorioz, Eusko Tren Ligan lehiatzeko txartela lortu dute

Giroa Veolia Bandera irabazi du Oriok, Donostian (Eusko Label Liga). Joan den astekoari jarraipena emanez, Oriok denboraldiko bigarren bandera irabazi du eguerdian Donostian: Giroa Veolia Bandera. Atzo, etxeko estropadan, bosgarren postu apala lortu zuen, eta gaur bigarren txandan jokatu du erlojupekoa. Txandako bizkorrena ez ezik, jardunaldikoa ere izan da 21:00:84ko denborarekin; Urdaibai izan da bigarrena, 3 segundora, eta Hondarribia hirugarrena, 8 segundora. Sailkapen nagusian aipatu hiru ontziak daude lehen postuetan, puntu gutxiren aldearekin: Urdaibai da buru, 44 punturekin; Hondarribia bigarren, 42rekin; eta Orio, hirugarren, 41ekin. Era berean, Eusko Tren Ligako bigarren sailkatze estropada jokatu dute emakumezkoek. Atzo garaipena Hibaikarentzat izan bazen, gaurko VI. Euskotren Bandera San Juanentzat izan da. Pasaiarrak 11:48:64an geratu dute erlojua, eta 19 segundoko aldea atera die errenteriarrei. Oriok eta Arraun Lagunakek hirugarren eta laugarren postuak berretsi dituzte gaur ere, hurrenez hurren, eta, beraz, lauko hori izango da Eusko Tren Ligan lehiatuko dena aurtengo denboraldian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide