Herriko turismoa indartzeko webgunea sortu du Orioko Udalak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko irailaren 2a

[caption id="attachment_107068" align="aligncenter" width="350"]Webgunea dagoeneko martxan dago (Aiora Larrañaga/Hitza) Webgunea dagoeneko martxan dago (Aiora Larrañaga/Hitza)[/caption] Turismora bideratutako webgune berria sortu du Orioko Udalak.  Geoorio.com izena du, eta horri azken ukituak ematen ari dira herriko merkatariekin eta ostalariekin elkarlanean. Hainbat ataletan banatuta dago webgunea. Alde batetik, gida praktikoa aurkitu daiteke bertan. Udal zerbitzu eta ekipamenduen inguruko informazioa ematen du. Bestetik, aisialdiarekin loturiko informazioa ere biltzen du webguneak: Zer egin, Zer bisitatu, Non jan, Non hartu ostatu atalak ditu, besteak beste. Horretaz gain, merkataritza gida zabala ere aurki daiteke webgunean, saltoki, jatetxe eta taberna, zerbitzu profesional eta industriekin. Orioko Udaleko Turismo teknikari Idoia San Sebastianek xehetasun gehiago eman ditu: «Turismo arloan indarra hartzen ari den tresna da. Webgunea udalarena bada ere, merkatariek, ostalariek eta profesionalek beraiek kudeatuko dute bertako informazioa. Informazio zehatza emateko eta argazkiak argitaratzeko aukera izango dute, eta eskaintzen berri eman ahal izango dute». Urola Kostako udaletako arduradunek turismoaren inguruan hausnarketa bat eginda dute, eta han eskuorrien kostu ekonomikoa nabarmendu zuten. Horregatik, Miriam Uranga Orioko Turismo zinegotziak azaldu duenez, urrats berria ematea erabaki zuten: «Geoorio.com turismo arloan informazio zehaztua emango duen tresna izatea nahi dugu. Eskuorri mordoa argitaratzen dugu eta bisitariei banatzen zaie, baina ez dakigu horiek non amaitzen duten. Gero eta herritar gehiagok smartphone bat duen garaian, urrats bat aurrera ematea garrantzitsua dela iruditu zaigu». Hala, webguneak sakeleko telefonoentzat aplikazioa izango du. «Norbait Orioko hondartzan badago eta bazkaltzeko jatetxe bat aurkitu nahi badu, aplikazioak zein aukera dituen eta bertara nola iritsi azalduko dio. Jatetxeek beren atalean informazio gehiago, eskaintzak edo argazkiak atxikitu badituzte, erabiltzaileari horiek ere agertuko zaizkio». Dena dela, Urangaren iritziz «webguneak arrakasta izan dezan garrantzitsua izango da bertan txokoa dutenek informazioa berritzea». Webgunea sortuta dago, eta azken asteetan merkatarien eta ostalarien laguntzarekin tresna hobetzen ari dira. «Ahalik eta informazio zabalena sartzen saiatu gara, eta publiko egin aurretik merkatariei eta ostalariei gutuna bidali diegu, bakoitzak bere atala begiratu eta zerbait aldatu edo gehitu nahi badu horrela egin dezan. Horretan gabiltza orain», zehaztu dute. Turismo Saila oso gustura dago oriotarrek izan duten harrerarekin. «Orioko turismo eskaintza eta herriko saltokiak kanpora zabaltzeko aukera ezin hobea da», eta eskerrak eman dizkie webgunea hobetzen lagundu duten edo lagunduko duten guztiei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide