‘Euskaraz bizi-bizi’-rekin oriotarren hizkuntza kontzientzian eragin nahi da

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko apirilaren 23a

http://www.youtube.com/watch?v=RD_yaJ01wYQ

http://youtu.be/RD_yaJ01wYQ Euskararen egoera asko hobetu da Orion azken bi hamarkadetan, baina oraindik ere normalizaziorako bidean «urratsak eman beharra» dagoela uste du Orioko Udaleko Euskara Aholku Batzordeak. Euskarazko hezkuntza, komunikabideak, neurri handi batean administrazio euskalduna edota euskara ikasteko erraztasunak errealitatea dira egun herrian. «Gaur Orion euskaraz bizi nahi duenak ez du horretarako arazorik. Nahi izateak sortzen dizkigu arazoak, ordea; oriotarrak euskaraz bizi nahi izatea lortu behar dugu. Euskarak oriotarren egunerokoan eta elkarrizketetan bizi-bizirik izan behar duela uste dugu, eta horretarako herritarrok kontzientziatu egin behar dugu», azaldu zuen Jon Agirresarobe Orioko Udaleko Euskara batzordeburuak. [caption id="attachment_62120" align="aligncenter" width="300"]Aurkezpeneko irudi bat (Aiora Larrañaga/Hitza) Aurkezpeneko irudi bat (Aiora Larrañaga/Hitza)[/caption] Ildo horretan Euskaraz bizi-bizi egitasmoa aurkeztu zuen ostiral iluntzean Orioko Udaleko Euskararen Aholku Batzordeak. Bertan izan ziren Orioko Udaleko eta herriko hainbat eragiletako ordezkariak; baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxaburua, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko koordinatzaile Iker Salaberria, Uemako lehendakari Maren Belastegi eta Eusko Jaurlaritzako euskara sustatzeko zuzendari Jokin Azkue. Kontzientzia sortzea helburu Euskaraz bizi-bizi ekimenak oriotarren kontzientzia linguistikoan eragitea du helburu, herritarrek euskaraz bizitzea aukera dezaten eta euskarak erabilera esparru berriak irabaz ditzan. Horretarako, 2013rako ekintza plana aurkeztu dute. Hasiera batean urte amaiera artekoa izango bada ere, euskararen aldeko kontzientziazio lanketa datozen urteetan aurrera jarraitzea aurrikusi dute. Euskararen normalkuntza lortzeko eragileen lana «oso garrantzitsua» dela azpimarratu zuten aurkezpenean eta Udalak herritarren inplikazioa lortu nahi du egitasmoan; horregatik, inportantea iruditzen zaio, hasieratik ahalik eta parte-hartzerik handiena lortzea. Ildo horretan, Orioko Arraun Elkarteko zuzendaritzako kide Iñaki Arostegik, Karkarako zuzendari Lore Berasaluzek eta Orioko elizako ordezkari Unai Manterolak euren egunerokoan euskarak duen presentzia eta normalizazioaren bidean lortu nahi dituzten helburuak izan zituzten hizpide. Bestalde, Euskaraz bizi-bizi ekimenaren aurkezpenean parte hartu zuten nazio mailako erakundeetako ordezakariek Orio moduko herriak euskararentzat «arnas gunea» direla nabarmendu zuten. «Ez dugu ahaztu behar euskara gaur eguneraino iritsi bada herritarrei esker izan dela; Orio moduko herrietan herritarrek euskaraz hitz egiten jarraitu dutelako, alegia». Gainera, Euskaraz bizi-bizi gisako ekimenek euskararen aldeko apustua «indartzen» laguntzen dutela nabarmendu zuten. Ildo horretan erakundeek euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko beharra ere nabarmendu zuten, eta hori kontuan izanda urratsak ematen ari direla azaldu zuten. «Oriotarrek euskaraz bizi nahi dugu, eta Orioko Udalari nahi hori betetzea ahalbidetzea dagokio», aldarrikatu zuen Orioko alkate Beñat Solaberrietak. Etorkizunean ere euskaraz Euskaraz bizi-bizi ekimena ez da euskararen erabilerari bultzada emateko Orion martxan jarri duten lehen egitasmoa. 1993an, duela 20 urte, Euskaraz gazte kanpaina abiatu zuten udalak eta herritar talde batek gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko. Hainbat ekimen prestatu zuten erabilera suspertzeko helburuarekin, eta pixkanaka euskararen osasuna «hobetuz» joan zen. Dena dela, «20 urte geroago berriro ere euskararen erabileraren aldeko aldarria plazaratzeko premia sumatu dugu. Inoiz baino  tresna gehiago ditugu euskaraz bizitzeko, baina horrekin batera gaztelania ere etxekotu egin zaigu». Orioko Euskara teknikari Jabier Zabaletak hala zioen: «Euskararen egoera asko aldatu da azken 20 urteetan. Harro egoteko arrazoiak baditugu, baina aurrera begiratzea dagokigu, eta euskararen erabilera sustatzeko egin dezakegunaren inguruan hausnartu behar dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide