Orioko Udala Espainiako Banderen Legea betetzera behartu dute. Espainiako bandera udaletxeko balkoian eta udalbatzar aretoan jartzera, alegia. Udal Gobernuaren esanetan, «egoera ezin da gehiago luzatu». «Orioko Udalak jarri zitezkeen helegiteak jarri ditu, eta epaiak dioena derrigorrez bete beharra dago, bandera jarri ezean isun ekonomikoa eta alkatearen inabilitazioa eskatuko baititu auzitegiko epaileak», azaldu dute.
Espainiako bandera jartzeko eskatzea, epai baten bidez, «jazarpena» dela uste du Orioko Udalak. Horren bidetik, nazionalitate askotako herritarren erakundea dela aldarrikatu du udalak. «Bakoitzak bere bandera du, eta euskaldunok ikurrina».
EAJren jarrera
EAJ udal taldea ez dago ados Udal Gobernuak bandareren auziaren aurrean hartu duen jarrerarekin. «Udaletxeko balkoian Espainiako bandera jartzeko erabakia EAJrekin ere konpartitu nahi izan dute. Zenbatetan entzun behar izan dugu
PNV español. Orain zuentzat inposaketa den hori zer izan da ba EAJrentzat? Beti frentean izan zaituztegu, eta orain zuen aldamenean nahi gaituzue? Aurreko legealdian ere bandera jartzeko errekerimendua bazegoen, eta EAJk ez zuen onartu. Guk jarrera bera izaten jarraitzen dugu», azaldu zuen Jon Redondok osteguneko udalbatzarraren ondoren, Orioko Batzokian, prentsa agerraldi batean.
Eskaera, «jazarpena»
Hala dio udalbatzarrean irakurri zuten adierazpen instituzionalak: «Orioko Udaleko zinegotziok uste dugu herritarrok nork bere bandera eta nazioa zein den erabakitzeko eskubidea izan behar dugula; alegia, Orioko Udalak erabaki behar du zein bandera jarri ez beste inork. Tamalez, Espainiako bandera gure udaletxean jartzera behartu nahi gaituzte, Euskal Herriko udal guztiei gertatu zaien bezala».
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez Orioko Udalak bi aukera ditu: «Espainiako bandera jarri edo zigorra onartu». Hori hala, Orioko Udalak «inposaketa» salatu du. «Erabaki horrek gerra identitarioa pizten du, eta haserrea areagotu, besterik ez».
Gainera, nabarmendu dute Orio «naziotasun guztiak onartzen dituen» herria dela. «Herritarren eta komunitatearen hautua da norberaren naziotasuna erabakitzea. Udala herritar guztien erakundea da, eta herrian bizi diren nazionalitate guztiak errespetatu nahi ditugu. Jazarpen hau gogo biziz salatzen dugu, eta herritarrak gonbidatu nahi ditugu sententzia horren aurkako jarrera adieraztera. Bakoitzak berea bandera, eta euskaldunok ikurrina».