Orioko itsas pasealekuaren eta ibaia eta hondartza banatzen dituen espigoiaren artean sortuko dute duna (Aiora Larrañaga/Hitza)
Gipuzkoako Foru Aldundiak Orioko hondartzan duna eremua sortzeko proiektu pilotua abiatuko du. Astearte arratsaldean aurkeztu zuen Foru Aldundiko teknikari Julen Zulaikak Orioko kultur etxean, herritarren aurrean. «Antilla hondartza duna eremu zabala zen. Mendetan zehar sortzen eta eraldatzen joan zen, eta azken hamarkadetan egin diren eraikinekin desegin egin dugu gizakiok. Herritarrok jakin badakigu hondartzak okerreranzko bilakaera izan duela azken urteetan», azaldu zuen Olatz Olariaga Herrio Natur Taldeko kideak.
Azken hamarkadetan Gipuzkoako hondartza gehienak urbanoak bihurtu dira. Baina hondartzak dinamikoak direnez etengabe eraldatzen jarraitzen dute, eta «horrek hainbat arazo sortzen du inguruan», adierazi du Zulaikak. Horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat aukera aztertu du, eta Orio, Deba eta Hondarribiako hondartzetan duna sistemak sortzea aukera aproposa izan daitekela pentsatu du.
Hondar galera handia
Orioko hondartzak bi arazo larri ditu egun. «Beroketa globalaren ondorioz itsas maila igotzen ari da, eta aurreikusten da horren ondorioz hondartzen azalera galera gertatuko dela. Beroketa globalak denboraleen maiztasuna ere areagotuko du, eta bi faktoreak kontuan hartuta, hondarra galtzeko joera izango da. Orioko hondartzan egin diren eraikuntza lanen eta dragaren ondorioz kalitate oneko gero eta hondar gutxiago dago, eta hondar fin hori haizeak garraiatu eta hondartzaren kanpokaldera zabaltzen du, eta pixkanaka galdu egiten da».
Arazo horren aurrean Gipuzkoako Foru Aldundiak, proba modura, haizeak garraitazen duen hondar ona hondartzan gera dadin duna sistema bat sortuko du hondartzaren alde batean. 1.300 metro koadro izango ditu dunak, eta ibaia eta hondartza banatzen dituen espigoia eta itsas pasealekuaren artean egingo dute. «Gaur egun ere hondartza ingurura hurbiltzen direnak konturatuko dira eremu horretan hondar asko pilatzen dena. Gauza bera gertatzen da itsas pasealekuan daude berdeguneetan ere», azaldu du Zulaikak.
Joera hori aprobetxatuta, hondartzaren eremu horretan duna sistema bat sortuko dute. «Hondar gordailua izango da, eta bere helburu nagusia hondarra hondartza eremutik ez irtetea, bertan pilatzea izango da. Horretarako Orioko Antilla hondartzak berezkoa duen prozesu naturalak erabiliko ditugu; hau da, haizea erabiliko dugu hondarra dunara garraitu dezan. Gainera, 14.000 landare landatuko ditugu hondarretan eta horrek hondarra dunan pilatuko du». Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa
Zulaikaren esanetan, duna ez da itzulezina izango; hau da, dunaren helburua hondar fina biltzea izango denez, behar denean hondar hori hondartzara itzultzea aurreikusten dute.
Herritarren iritzia
Antilla hondartzan duna bat sortzeko proiektuaren aurkezpenean bildu ziren herritarren artean hondartzaren egoeraren inguruko eztabaida sortu zen aurkezpenaren ondoren. Zenbaitek dunaren kokaguneren inguruan zalantzak agertu zituzten. Orioko Surf Elkarteko kide baten iritziz, duna itsas pasealekuaren aurka jartzean orain arte gertatu den bezala hondarra pasealekura pasatzeko arriskura egon daiteke. «Orioko hondartza oso zabala denez, herritarrok dutxetatik itsaso alderako zatia soilik erabiltzen dugu. Nire iritziz egokiagoa izango litzateke dunak aurrerago eta hondartza guztian zehar jartzea, dutxen atzeko aldean hain zuzen ere».
Zulaikak azaldu zuen datozen hilabetetan sortuko den duna sistema proba pilotua izango dela. «Ez dakigu funtzionatuko duen ala ez, horregatik hasiera batean eremu txiki batean ezarriko dugu eta hemenik bost urtera proiektuak emaitza onak eman dituela ikusten badugu, orduan aztertuko dugu hondatza osoan zehar ezartzea bideragarria den».