Etxeluzea eraikina erosi du Orioko Udalak. (Aiora Larrañaga/Hitza)
2008ko irailean Orioko gazteek Oria ibaiaren ertzean dagoen Etxeluzea eraikina okupatu, eta bertan gaztetxea sortu zutenetik aldarrikapenez beteriko lau urte igaro dira. Gazteek behin eta berriz errepikatu dute Orion gaztetxe baten beharra dagoela, eta hori lortzeko ekimen asko antolatu dituzte.
Ildo horretatik, gaztetxea errotzeko bidean urrats garrantzitsua eman zuen Orioko Udalak abenduaren 26an, udalbatzarrean. Izan ere, Etxeluzearen erabilera arautzeko ezinbestekoa zen udala eraikinaren jabea izatea, eta urteko azken udalbatzarrean Orioko Udala osatzen duten udal taldeek aho batez onartu zuten Etxeluzea erostea.
Ordainketa, bi zatitan
Orioko alkate Beñat Solaberrietak adierazi duenez, Udal Gobernua «harrituta dago» Udalbatzak Etxeluzea erostea aho batez onartu zuelako. «Etxeluzea erosteko partida 2012ko aurrekontuaren baitan onartu genuen, eta EAJ aurrekontuaren aurka agertu zen. Horregatik, ezustean harrapatu gaitu EAJko zinegotziek Etxeluzea erostearen aldeko botoa emateak».
Udalbatzarrean onartutakoanren arabera, bi zatitan egingo da Etxeluzearen erosketa. Alde batetik, 2012an 80.000 euroko lehen ordainketa egin da, eta 2013an 50.000 euroko bigarren ordainketa egingo du Orioko Udalak. Modu horretan, Etxeluzea eraikina Orioko ondare izatera igaroko da.
Udalaren «konpromisoa»
Orioko gazteek Etxeluzea okupatu eta bertan gaztetxea sortu zutenean, ordenazioz kanpo zegoen eraikina. Ordutik pixkanaka oztopoak gaindituz joan da gaztetxea. Orioko alkate Beñat Solaberrietak jakinarazi duenez, Bildu eta Orain udal taldeak Udal Gobernura iritsi zirenetik, egoera horri «irtenbidea» ematea izan da haien asmoa. «Aurreko agintaldian, oposizioak bideratuta, Etxeluzea herriko ordenazioaren baitan sartu zen. Agintaldi honetan, berriz, bertako erabilera legeztatzeko izapideak martxan jarri ditugu», azaldu du Solaberrietak. Agintaldi hasieran Udal Gobernuak gazteekin egoerari irtenbidea emateko «konpromisoa» hartu zuen. «Baimenduta erabilera arautzekoa, alegia. Horretarako proiektu bat sortu dugu».
Kosta Zuzendaritzak hitza
Orioko Udalak eraikina erosi duen arren, Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzari dagokio horri emango zaion erabilera onartzea. Hark zuzentzen du eremu horren arautegia. Horretarako, udalak proiektu bat aurkeztu du, eraikinaren erabilera zein izango den zehaztuz. «Kontsulta bat egin genuen Etxeluzean abiatu nahi dugun proiektuaren berri emanez, eta Kosta Zuzendaritzak erabileraren inguruko zehaztasun gehiago eskatu dizkigu. Dagoeneko aurkeztu dugu behin betiko proiektua, eta orain erakunde horri dagokio erantzutea», zehaztu du Solaberrietak. Orioko Udal Gobernuaren asmoa, alde batetik, Etxeluzea kultur ondare gisa berreskuratzea da; eta bestetik, hitzarmen baten bidez, orain arte bezala etxearen kudeaketa gazteen esku uztea.
Egur lehortegia
Orioko Udalak Xabier Alberdi historialariarekin elkarlanean landu du Etxeluzea eraikinak historian zehar izan duen erabilera eta eraikinak duen balioa; hortik abiatuta osatu du proiektu berria. «Etxeluzea Euskal Herrian geratzen den modu horretako egur lehortegi bakarra da, eta garrantzitsua iruditzen zaigu Oriok ondare hori berreskuratzea», azaldu du alkateak.
Oria ibaia ontziola garrantzitsuen kokagunea izan da historian zehar, kontuan izan behar da hori. Testuinguru horretan Etxeluzea egur lehortegia moduan erabili izan da hamarkada askotan. «Itsasontziak eraikitzeko erabiltzen zituzten egur oholak lokatz azpian sartzen zituzten lehortu eta tratatzeko; modu horretan, egur horiek itsasoan ez ziren uraren eraginez puzten», azaldu du Amaia Dorronsoro zinegotziak.