Beñat Solaberrieta: "Helburua Orioko hirigintza egonkortasuna bermatzea izango da"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2012ko azaroaren 28a

[caption id="attachment_52424" align="alignleft" width="350" caption="Muntoko Plan Partziala baliogabe jo du Espainiako Auzitegi Gorenak (Onintza Lete Arrieta/Hitza)"][/caption] Urriaren 25ean Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Muntoko Plan Partzialaren baliogabetasuna. 2005etik Muntoko Plan Partzialaren gaia pil-pilean izan da oriotarren artean. 2010n Euskadiko Auzitegi Gorenak nulu jo zuen Muntoko Plan Partziala. Alde batetik, Muntoko Plana Arau Ordezkatzaileak onartu baino lehen onartu zelako. Eta bestetik, arau ordezkatzaileek hala eskatuta ere, Orioko Udalak ez zuelako Munto eremuaren azterketa hidraulikoa jendaurrean jarri. Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaiaren aurrean Orioko Udalak eta eremu horretan etxeak egiten ari ziren etxe sustatzaileek, Grupo Eibar eta Inmobiliaria Orio enpresek, helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean. Behin epaia jakinda, Orioko Udala egoera konpontzeko zer egin aztertzen ari dela azaldu du Beñat Solaberrieta alkateak. «Helburu nagusia Orioko hirigintza egonkortasuna bermatzea izango da plan orokor eta arau ordezkatzaileei dagokionean». Konponbidea aztertzen Muntoko Plan Partziala baliogabetuta, Orioko Udala egoerari irtenbidea emateko bideak aztertzen ari da abokatu eta aholkulariekin. «Mahai gainean ditugun bideetatik bat hobetsi beharko dugu, eta hori aplikatuko dugu. Beti ere, Orioko hirigintza egonkortasuna bermatzea helburu nagusia dela kontuan izanda hartuko dugu erabakia». Azken urteetan Muntoko Plan Partziala baliogabetuta euren etxebizitzekin zer gertatuko den kezka agertu du hainbat oriotarrek. «Legeak aurreikusten du hirugarren pertsonei ahal den kalte gutxiena sortzea bermatu behar dela. Oriotarrek argi izan behar dute legeak ematen dizkigun aukeren artean herritarrentzat onena dena egingo dugula», azaldu du Solaberrietak. Orain hausnarketa prozesuan murgilduta dago Orioko Udala, eta erabakia hartzen duenean jakinaraziko du. Erantzunkizun eske Salaketa jarri zuen Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteko kidea da Arkupe Orioko Merkatari eta Ostalarien Elkartea, eta «gardentasuna» eskatu dio Orioko alkate Beñat Solaberrietari. «Herritar bezala dugun eskubidea gauzatzea erabaki genuenetik, luze eta gogorra izan da bidea. Uste dugu erantzukizunak eskatzeko eta dagozkionak bere gain hartzeko garaia iritsi dela. Hauteskunde kanpainan aldarrikatu zuen gardentasuna izatea eskatzen diogu Orioko alkateari; hau da, argitu dezala zein den egun Orioko hirigintza egoera», eskatu dute Arkupe elkartetik. Horretaz gain, Arkupe Elkarteko kideek aldarrikatu dute aurrerantzean ere herriko merkatari txikien alde lanean jarraituko dutela: «Inoiz baino beharrezkoagoa da gainera, bizi dugun krisi garaian».Gainera, aurreko legealdian Orioko Udalbatzako Ezker Batuko ordezkari izan zen Iñaki Garciaren lana nabarmendu dute Arkupetik, gaiarekin izan duen «konpromisoagatik».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide