Priederen omenezko plaka bat jarriko dute Orioko Udaletxean

Urola Kostako Hitza 2012ko martxoaren 22a

Juan Priede Orioko Udaleko zinegotzia izan zenaren omenezko plaka jarriko du udalak udalbatzar aretoan, "berak egin zuen lana gogora ekartzeko". Bertan, Orioko herriak esker onez Juan Priede Perez Orioko zinegotziari (1994tik 2002ra) jarriko dute. Orioko Udalbatzarrak atzo onartu zuen Priederen inguruko mozioa, bere hilketaren hamargarrenaren urteurrenean. Udalak PSE-EEko zinegotziaren hilketaren "zentzugabekeria" salatu du, eta herriak "modu demokratikoan" aukeratutako zinegotzia hiltzeak ez duela "ez hanka eta ez bururik" gaineratu dute. Honen arabera, zinegotziaren familiaren nahia izan da "Priederen izena erabilera eta eztabaida politikotik kanpo izatea". Hori hala izanik, Priederen senideen eskariarekin bat egin du Orioko Udalak, eta aurrerantzean ere halako erabilerak sahiestu egingo dituela adierazi du Udalbatzarrak. Gaur hamar urte bete dira ETAk Orioko Udaleko PSE-EEko zinetzotzia hil zuela. Erakundeak tiroz hil zuen Priede, herriko taberna batean zela. Orioko Udalak azpimarratu du "bere ideiak askatasunez adierazi eta defendatzeagatik" eman zutela heriotzara. "Beldurra gainditu eta herriaren alde lana egin zuen Juanek". Hori hala, Udalak hark egindako lana "aitortu eta eskertu" du.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide