Orioko Udalak eta Kutxa Fundazioak Ur Etxea Arraun eta Piraguismo Teknifikazio Zentroaren inguruko hitzarmena sinatu zuten atzo goizean; Beñat Solaberrieta Orioko alkateak eta Carlos Ruiz Kutxa Fundazioko lehendakariak adostu zuten lankidetza akordioa, eta, ondorioz, azken urteetan egiten ari den Teknifikazio Zentroa finantzatzeko 525.000 euroko diru-laguntza jasoko du Udalak.
Udalaren arabera, diru-laguntzak aurretik hitzez adostuta zituzten, baina orain alde bien konpromisoak hitzartu egin dituzte. Kutxak adierazi duenez, Orioko «anbizio handiko» proiektuaren gastuak ordaintzeko asmoz hitzartu dituzte diru-laguntzak, Gizarte Ekintza Sailaren bidez.
Hala, alde biek konpromiso jakin batzuk hartu dituzte hitzarmen honen bidez: «Aurreko legegintzaldian adostu ziren baldintzak bermatu dira, eta idatzitako konpromisoak beteko direla sinatu dugu», dio Udalak. Hori hala, Kutxak bideratuko duen diru kopurua hiru urtetan egingo du; hau da, aldi bakoitzean 175.000 euro ordainduko ditu. Horren ordez, Udalak Kutxa Fundazioaren hitzarmenaren aipamena egingo du «euskarri guztietan». Halaber, zentroan bertan Kutxa izeneko eremua izendatuko dute.
Horrez gain, Kutxako Gaztetxoen Elkarteko haurrek uztailean eta abuztuan Teknifikazio Zentroa bisitatzeko eta uretara irteteko aukera izango dutela adierazi dute, eta doako ikastaro bat ere eskainiko diete Aste Santuetan.
Hitzarmen honen bidez, Teknifikazio Zentroa martxan jartzen dutenean Gaztekutxa eta Kutxako Urrezko Zerbitzua txartelak dituztenek %10eko deskontua izango dute instalazioak erabiltzen dituztenean.
Halaber, Kutxak nabarmendu du arraunlarien eta piraguisten zentroa izango den egoitzak bi helburu nagusi dituela: batetik, ur kiroletan aritzen diren pertsonentzako bilgune izango da; horrez gain, «eliteko eta etorkizun oparoa izan lezakeen kirolariek hastapenetatik espezializazio teknikoa» jasotzea izago du helburua.
Kutxaz gain, beste finantziazio bide batzuk ere izan ditu Udalak Teknifikazio Zentroko proiektu berria martxan jartzeko; erakunde publikoen laguntzak izan dira horietako batzuk; Gipuzkoako Foru Aldundiak, esaterako, guztira 1.000.000 euro bideratu ditu Ur Etxea teknifikazio zentrora. Udalak pasa zen martxoan jaso zuen Aldundiko azken laguntza, 400.000 eurokoa. Eusko Jaurlaritzak ere diru laguntzak eman ditu azken urtean.
Hitzarmenarekin bat, Soñaberrieta alkateak eta Miriam Uranga alkateordeak proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte. Bi ordezkariek Kutxaren babesa eskertu dute, eta eta hurrengo urte hasieran eraikuntzako lanak amaituta izango direla aurreikusi dute: «Hiru urte arraun klubetik kanpora pasa behar izan dituzte arraunkariek eta aldi baterako egoerarekin amaitzea da lehentasuna». Hala, lanak «bide onean» doazela nabarmendu dute.
Orion, gobernu berriak proiektuaren «diru-sarrerak eta obraren jarraipena» aztertu dituela adierazi dute Udal ordezkariek. Hala ere, jakinarazi dute datozen asteetan Ur Etxea Teknifikazio Zentroaren finantziazioaren inguruko azalpenak emango dituztela, eta orduan azalduko dituztela eraikinaren inguruko xehetasun gehiago.