Azkenaldi honetan behin eta berriro etorri zait burura EITBri eskatzea jar dezala martxan kirolari bakarrik zuzendutako katea. Ezagutzen nauten hainbat lagunek usteko dute benetan arraro nabilela, ez dagokidala niri horrelako eskakizunik egitea eta, beharbada, burua arintzen hasi zaidala (edadearen kontuak edo); baina egizue kontu azkeneko hamabostaldian inolako gogorik gabe kirolzale ez garenok entzun behar izan ditugun guztiak, eta arrazoi emango didazue, agian. Eta zuek ere nahiko duzue kirola gai bakar izango duen kate berria: EITBK delakoa.
Hau da nire arrazoiketa: baldin badago kate bat kirola duena gai bakarra, gainerako kateetan ez gaituzte albistegi, programa berezi eta enparauetan sekulako betekada jaso arteko berriketaldiekin itoko. Kirolzaleek entzungo (edo ikusiko) dute "beren" katea, eta hala (kirolzale) ez garen apurrok izango dugu aukera gure nahi frikiak entzun (edo ikusteko), kirolak gu zipriztindu gabe.
Hala ere, inozoegia naiz, beharbada. EITBK sortuta ere kirol gehienak erdi lurrunduko lirateke benetan diruak eta buruak irakiten jartzen dituen futbolaren eraginez, hor baitago, nahi edo ez, kontu honen muina.
Joan den astean Aitziber Sarobek bere iritzi-idatzian zorrotz aipatzen zuen "partida" jokatu aurreko unean mintzagai bakarra zena... Partidaren ondoren, ordea, gure gipuzkoartasunaren oinarri dirudien "zera horrek" lehenez gain gora egin zuen. Historikoa. Hunkigarria. Arima-pizgarria.
Badakit geratzen zaizkidan adiskide gehientsuenak galtzeko bidean abiatzera noala, baina esan egingo ditut hala ere nire usteak.
Zur eta lur geratu nintzen gure Gipuzkoako agintari nagusiak argitu zidanean Gipuzkoako biztanleon izaera eta balioak futbol talde horretan genituela ispilu. Aipatu zigun apal izatea, baina alboan zetorren anbizioa, aurrera egiteko nahi eta ausardia esan nahi zuela ulertu nuen, eta hortik aurrera hark botatako ekipoaren eta gure izatekoaren arteko antzekotasunez egindako alegorian galdu nintzen. Nik esango nuke gure ideosinkraziaren (ez dut kultura sartu nahi saltsa honetan) oinarriak futbolaren estetikan eta dinamikan jartzea ez dela bide egokia, baina, tira, ulertzen ez dudan beste logika bat badago hor nonbait, eta isildu egingo naiz.
–Orduan, hik nahiago duk Madrilgo Atleticok irabaztea?
Hori izan ohi da aurpegiratzen den "arrazoietako" bat. Gureak irabazi, edota "besteak". Edota:
–Hi Athleticekoa izango haiz eta... Baina nola izan daiteke gipuzkoarra eta ez izan Realekoa?
Izan bai baita jende bat ezin duena ulertu norbait izan daitekeela futbol talde guztietatik kanpo dagoena. Nola adierazi bera ez dela ez harena eta ez honena? Nola ulertarazi badagoela jende bat ez dena liluratzen 25 pertsona (jokalariak eta epaileak, oker ez banago 25 dira guztira, gehienetan gizonezkoak) galtza motzetan haizez betetako pilota biribil handi baten atzetik dabiltzala ikusteaz? Nola esan ekipo baten atxikimendua burutik baino gehiago erraietatik sortutako lotura besterik ez dela?
Kontua luzatuko nuke, baina isiltzera noa, nahiko idatzi baitut jendeak, hemendik aurrera, kalean ibiltzera ausartzen banaiz, ezkerreko begiz begira nazan.
Esango nuke ekipoen (eta gainerakoen) probintzianismo antzuetan murgiltzen gaituen kanpoko prentsak (Madrilgo ABC aitzindari duten gure egunkari irakurrienak barne, esaterako) bultzatutako "patria chica"-ren aldekoak besterik ez direla. Baieztatuko nuke futbolaren kulturak matxismotik dezente duten gizarte-egiturak sustatzen dituela. Idatziko nuke diru asko mugitzen duen futbolak ez dituela elkartasuna eta balio aurrerakoiak bultzatzen. Eta abar. Baina horiek guztiak isiltzera noa, partida "historikoaren" burrunbak denak estaliko lituzkeelako.
Bakarrik aitormen bat egitera nator, konfesatzera, lehen esan ohi zen eran.
Realaren zarata-burrundara handiarekin batera (astebukaera horretan) Zarauzko hondartzara jaitsi nintzen, aspaldiko partez, futbol partida bat begiratzera (gainetik bakarrik, ez pentsa), eta ikusi nituen 10-11 urteko neska-mutilak haixex betetako bola baten atzetik korri eta saia. Bilobaren taldeak irabazi eta finala jokatzeko sailkatu zen. Poztu egin nintzen.
Norberak ditu bere kontraesanak, eta horiekin bizi behar...