Ez dakit nire irudipen hutsa den ala ez, baina izan ohi dira garai baketsuak eta iskanbilatsuagoak. Beharbada norberaren egoerak eta gauzak ikusteko moduek ere izan dezakete nolabaiteko eragina. Esate baterako, edade batetik aurrera goazenok badugu joera esateko gaur egungo gazte-jendea liskartiagoa dela lehengoa baino, batik bat entzuten ditugunean labanekin izandako borrokak eta horrelako kontuak (kalean eta ordu txikietan). Baina liskarrak egon, aspalditik egon izan dira.
Ikusi bestela 1904ko maiatzaren hiruan Donostiako El Pueblo Vasco egunkarira Zarauztik bidalitako kronika:
Anoche á las diez, por cosas muy fútiles, cuestionaron á la salida del establecimiento de bebidas de Juan Agote, situado en la calle de Azara, de esta villa, varios jóvenes de la localidad, viniéndose á las manos y resultando de la contienda Agustín Aguirre Arruti con dos heridas de seis y cuatro centímetros de longitud en la parte superior de la cabeza y contusiones en diferentes partes de ella de pronóstico reservado.
Como presuntos autores de la agresión, han sido detenidos Antonio Solaverrieta Mancisidor, Ignacio María Aguirresarobe, Luis Amilibia y otro apodado Quiyua.
—Por haber dado un puñetazo en un ojo á un individuo, hallándose en la taberna "La Politena" ayer tarde, fué por la noche encerrado en el calabozo del Juzgado municipal un sujeto reincidente en caricias de esta naturaleza.
Hamaika urte pasatu dira ordutik! Egia esan, hamaika bider hamaika pasatu dira. Eta, esandakoa, liskarrak aspaldikoak eta betikoak izan dira. Tabernatik kanpo gertatutako hori, adibidez. Oraindik ere goantzean dugu ohikoa izan ohi zen formula horrelako liskarrak abiatzeko: "Hik ez didak kalera irten eta hori aurpegira esango". Eta kalera irten, esan eta danba!, muturrekoka.
Garaiko kronikak, Azara kaleko liskar horrez gain, beste muturreko bat ere kontatzen digu La Politena taberna barruan, kalera irteteko denborarik hartu gabe, eta, itxuraz, eskua arina zuen "sujeto" batek emana. Ez dakigu Zarautzen izan zen, edo Getarian, kronikak kontatzen baitigu, gero, nola ibili ziren liskarretan Zarauzko San Pelaioko arrantzale-jendea eta ofizio bereko getariar zenbait. Arrantzan ari zirela, dirudienez, batzuen eta besteen sarean elkarren artean trabatu zitzaizkien eta hitzezko nahiz mehatxuzko haserrealdia izan zuten elkarren artean.
Jendea liskarrean. Baina ez beti. Getariako San Prudentzio auzoan erromeria izan omen zen igande horretan, eta Zumaia, Zarautz eta Getariako jendetza bertan. Festara joandako jende gaztea pozarren, divertiéndose de lo lindo. Ez dator han izandako liskarren berririk. Hobe. Seguru asko izango zen bat edo beste, baina ez egunkarian agertzeko modukorik.
Izan ere, liskarrak ere ez dira beti berdinak, badaude diferentziak; garaiak ere izan daitezke baketsuagoak ala istilutsuagoak, eta ez dakit nire kontua izango den, baina iruditzen zait garai istilutsuak bizitzen ditugula.
Hor dabiltza Israeleko sionistak Palestinako genozidioa gure begi aurrean gauzatzen; ezin konponduan jarraitzen dute Errusiak eta Ukrainak, Thailandiak eta Kanbodiak, Armeniak eta Azerbaijanek...; amaiezinak dira Siria, Kaxmir, Kongo, Yemen eta beste hainbat lekutako gerrak; nazioarteko orekaren txitxareak berotzen dabilkigu Trump Venezuelan, Groenlandian eta nork daki non ez... Dena da liskarra!
Gerra-giroa predikatzen ari zaizkigu, autoak egiteari utzi eta armak egiten hasi behar omen dugu Europan (etxean hasia zaigu Aperribai jaunaren SAPA), armadak antolatu, soldadutza berriz ezarri...
Arrastaka eraman nahi gaituzte saihetsezina omen den gatazka prestatzera, eta ni ez nago konforme. Militarrek ez digute inoiz ezer onik ekarri jende xeheari, sufrikarioa eta mina baizik.
Halako ez oso urrutiko garai batean manifetara joan ginen gure seme intsumisoak ez zitzaten zigortu beren konbikzio antimilitaristengatik. Orain gure biloben alde joan beharko ote dugu?
Agian garaia da esaten hasteko: gerrari, beti ez!