Puntuka

Herri hutsak

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2026ko urtarrilaren 22a

Traktoreak protesta egiten joan den ostegunean Zarautzen. (Aritz Mutiozabal)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Honako hau idazten ari naizenean Euskal Herriko nekazariak, Iparralde eta Hegoalde, haserre dabiltza, beren traktoreak errepide eta autobideetara eraman eta kamioiak zein bestelako ibilgailuei ibilbidea eragozten. Kexu dira. Eta ez zait batere harrigarria egiten.

Kexu eta haserre hegaztien gripea dela-eta oilo eta antzarak hiltzera kondenatzen dituztelako; kezkatuta eta beldur intsektuek ekarritako abelgorrien dermatosi nodular kutsakorraren mehatxuarekin, hura iristen bada hegaztiak baino garestiago ordaindu beharko baitute gaixotasunaren izurrite-aldia. Kexu, Europako agintariak tratuetan dabiltzalako Hegoaldeko herrialdeekin Mercosurreko ekoizpenak Europara tratu bereziarekin sartzeko asmoz.

Europa merkatuak zabaldu beharrean omen dabil. Estatu Batuetako, Errusiako eta Txinako ekonomiarekiko atzean geratzeko arriskuan omen. Gehiago esportatu behar, merkatu berriak aurkitu behar. Saldu egin behar. Saldu, saldu...

Baina besteak ere (erosle izango diren lurraldeetakoak) ez dira bi hanketatik herrenak, eta azkar baino lehen datoz odolkiak ordainetan eskatzera: "Zuek hemen saldu nahi badituzue automobilak, guk zergatik ez, ordez, gure ekoizpenak zuei saldu". Quid pro quo. Guk autoak, zuek barazkiak eta aleak.

Eta nekazari-jendea kexu. Nola egingo diegu aurre kanpotik hain merke datozen ekoizpen horiei?

Gainera, han askoz eskuzabalagoak dira fitosanitarioak erabiltzeko garaian, ez dituzte legeak Europan bezain zorrotz. Lehia desleiala da, eta ez da aho-korapiloak egitea, gure tristuraren agerpena baino. Lehendik ere, txitxirioak Mexikotik ekartzen dituzte, zainzuriak Perutik edo Txinatik, guk egindakoak baino lodiagoak eta merkeagoak, lekak Marokotik, arkumeak Zeelanda Berritik, urrutiagotik ezin ekarri!

Nola bizi nekazaritzatik?

Aurreko udaberrian Nafarroan egun batzuk pasatu genituen. Beste behin ere konturatu ginen Nafarroak baduela bularraldean halako gerriko industrial bat, Iruñeko sakonunea eta Sakana dituela bihotz eta birika, mendialdean, badu turismoa erakartzeko adina edertasun dituen xingola mehea, eta bien artean, ia mortua; garai batean nekazaritza eta artzaintzarako lurrak izandakoak, eta gaur egun husten ari diren lurralde baztertuak.

Duela mende erdi bat-edo hainbat familiak bizitzeko adina (ozta-ozta, beharbada, baina...) ematen zuten lursailak bertan behera utzi eta abandonaturik daude gaur egun. Jendeak etsi egin du, ezin baita ohiko nekazaritzatik bizi, eta hirira joan da lan egitera. Herriak gero eta hutsagoak daude. Zenbait utziak, abandonatuak, edota jende zaharrak bakarrik bizi direla.

Bada kontatzea merezi duen istorio bat; nik hala uste. Zangotzatik hegoaldera, Peña izeneko mendi bat bada, 1.000 bat metrotako goiera duena, eta haren magalean harkaitz baten gainean eraikitako herri baten aurriak (ez da inor bizi, jakina). 1997.ean Nafarroan Bien de Interés Cultural izendatu zuten herri jendegabetua. San Martinen eliza eta gazteluaren arrastoak ikus daitezke, nahiz eta ez sartu herrian (jabego pribatukoa da).

Hilerrian hegazkinlari britaniar baten hilobia dago. Egurrezko De Havilland DH.98 Mosquito hegazkin batean nazien menpean zegoen Frantzian miaketak egitera joana zen, eta Tolosa (Okzitania) ingurutik pasatzean tirokatu egin zuten. Pentsatu zuten (bera eta gidari-ordea ziren) Aragoiko Berdun herrian lur hartu zezaketela, eta horretan saiatu ziren, baina zerbaitengatik hara joan ordez Peña aldera desbideratu ziren. Hegazkina hondaturik, jausgailuak jantzi eta salto egin zuten, baina Donald Cecil B. Walkerren paraxuta katigatu egin zen eta istripuan hil egin zen.

Herrikoek lurperatu zuten eta, kondairak dioenez, beti txukuna eta lorez apaindua egoten omen da hilobia. Hustutako herri bateko istorioa da. Zenbat istorio hainbeste jende bizi izandako herri hutsetan! Eta nolako sentsazioa gure gizartea zerbait gaizki egiten ari dela!

Ez naiz batere harritzen Euskal Herriko (eta Europako) nekazariak kezkatuak, kexu eta haserre egotearekin. Ez da bidezkoa Mexikoko txitxirioak, Ukrainako gariak, Txinako zainzuriak, Zeelanda Berriko arkumeak, Brasilgo behien txuletak... merkeagoak izatea hemen Nafarroan ekoitziak baino.

Zerbait gaizki egiten ari gara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide