Iazko Behobia-Donostia berezia izan zen Aiako herritarrentzat, 1924ko korrikaldia baitzuten gogoan. Urte horretan, Juan Manuel Azpirozek, Aiako Txikia-k, nagusitasun osoz irabazi zuen Behobiatik abiatzen den lasterketa 22 urte besterik ez zituela. Aiakoak egindako balentria ospatu nahiz, haren familiako belaunaldi desberdinetako hamabi kidek omenaldia egin zioten "aitonari" Behobiako lasterketan korrika eginez.
Albiste horretatik abiatu naiz ondoren datorren idazkia osatzeko, antzinako korrikalariak aipatu nahi baititut gaurkoan. Euskaldunon artean, korrika egitea herri-kirol maitatuenetako bat zen orduan; hasieran beren brusarekin egiten zuten korrika, abarkaz jantzita eta eskuan makila sendoa zutela irristak eta laprastak saihesteko bide lokaztuetan. Gero etorri ziren elastikoak eta praka motzak... Tira, motzean!
Berria-ko albiste horretan jakin nuen Behobia-Donostiaren seigarren ekitaldian, Aiako Txikia garailearen ondoren iritsi zela Antonio Casal errenteriarra eta hirugarren Francisco Rementeria zarauztarra. Nire kirol-ezjakintasunean ez nuen (ez dut) ezagutzen nor zen korrikalari zarauztar hori (norbaitek gogoratzen badu, eskertuko nuke hari buruzko informazioa) eta jakin-mina sortu zitzaidan Zarauzko korrikalariei buruzko hainbat gauza ezagutzeko. Horrela egin nuen topo Jazinto Etxenagusiaren istorioarekin, lehendik ere ezaguna izan, baina atzendua nuena.
Gure etxean esan ohi zen Etxenagusia inklusatik ekarritakoa zela. Garbi dagoena emakume gazte baten solteratako semea zela. Gero, Etxenagusiaren historia dramatikoak hari buruzko kontu guztiak zipriztindu zituenean, korrikalari gaztearen inguruan halako kondaira iraunkorra sortu zen. Kondaira horren arabera, korrikalariaren ama Zarautza neskame etorritako baserriko neska gazte ederra zen, eta aita, aldiz, gizon heldua, planta onekoa eta kirolzalea. Kontua da hankagorri jaioberria hala edo horrela Zarauzko baserri batean jaso zutela eta han hazi zela, koskortu zenean erakutsiz punta-puntako korrikalari izan zitekeela.
Garai haietan diru asko mugitzen zen herri-kirolen inguruan (apustuak eta) eta norbait besteen gainetik ibil zitekeela sumatzen zen bakoitzean sortzen ziren fenomeno berriaren inguruan hari lagundu eta hartatik bizi nahi zuten hainbat aholkulari, laguntzaile, botilero, zaintzaile eta jagole ugari.
Horrelaxe izan zen Etxenagusiren inguruan ere, eta laster baino lehen Lekunberriko Bixente Erro nafar ospetsuaren eta Zarauzko korrikalariaren artean bideratu zen garaiko apustu / lehia. Errok irabazi zion Etxenagusiari Tolosako zezen plazan, eta zarauztarrak nafarrari Donostiakoan. Orduan beste bi lasterketa egitea erabaki zuten bien artean; bat Oriotik Aiarako igoera, eta, nafarrak galduz gero, bigarrena, errebantxa, Tolosatik Lekunberrira (inoiz jokatu ez zena).
1921eko abenduaren 23an jokatu zen Oriotik Aiarako lasterketa (badira garaiko argazkiak) eta zarauztarrak irabazi zuen, nahiko aise-edo Erro bidean erori baitzen, Landarbiderako aldapan.
Bitartean antolatu zuen El Pueblo Vasco egunkariak II. Nazioarteko Krosa, non Leon de Lys belgikarrak irabazi baitzuen kroslari frantsesen aurretik.
Zarauzko korrikalariaren ingurukoek ikusi zuten nazioarteko kirolen artean jokatzen zen korrika egiteko modu hura (krosa), eta baita pentsatu ere negozio polita izan zitekeela krosista belgikarraren eta herriko korrikalariaren artean apustua antolatzea.
Belgikarrak hiru minutu eta 45 segundoko abantaila eman zion Etxenagusiari, eta maiatzeko 21ean egin zuten korrikaldia eguraldia bero sapa zela. Etxenagusia Aiako atariraino iritsi zen, gaintxoa gainditu eta kilometro eta erdira zuela helmuga, baina ordeka edo zertxobait aldapa behera hasten den unean tximistak jota bezala erori zen gehiago bere onera ez itzultzeko, Agonia luzearen ondoren, hurrengo egunean hil zen. Gurean entzun izan dut: "Hobeto korrika egiteko zerbait eman zioten eta barrutik lehertu egin zen gure mutila gora iritsi zenerako". Bidea errazago egiteko eman zioten dopina izan ote zen, alegia.