Puntuka

Mea culpa

Valladolideko animalien bedeinkazioa. (Paloma Gabirondo)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Garai batean, espainolen matraka ohi zen kanpora bidaiatuz sendatzen zela nazionalismoa (besteena, jakina). Ezer sendatzeko asmorik gabe, baina gauza berriak ikusteko eta ikasteko asmoz Valladolidera joan-etorria egin berriak gara.

Ikusi, ikusi ditugu hainbat gaztelu eta sekulako mahasti-sailak. Ikasi ere bai, ikasi dugu ardo ona egiten ikasiak daudela, txuria zein beltza; eta baita ere Cervantes hainbat urtez Valladolideko auzo batean bizi izan zela, eta justu etxearen aurrean duelu batean ezpataz hil zutela Gaspar Ezpeleta zaldun nafarra, itxuraz gonazale eta besteen emazteen gutizia gehiegitxo zuena (etxe horretan bertan bizi ziren Esteban Garibai arrasatearraren alarguna eta seme-alabak; jakin-mina piztu zait txoko hori XVII. mendearen hasieran nolako lekua zen ezagutzeko).

Beste zenbait gauza ere ikusi eta ikasi ditugu. Hilaren 17an, San Anton abadearen eguna ospatzen du elizak. Behin batean etorri zitzaizkion gure santu horri basurde eme bat eta dozenaren bat basurde-kume, denak itsuak, erregu aurpegiarekin eta San Antonek bedeinkatu eta denei ikusmena itzuli omen zien. Geroztik basurde hura beti lagun eta defendatzaile izan zuen santuak, eta animalien zaindari izendatu zuten San Anton, sarritan txerritxo bat alboan duela ageri dena irudietan. Tira, bada Medina del Campoko elizan iragarki bat esanez San Anton egun horretan animaliak bedeinkatuko zituztela, eta gu jakinguraz beteta. Zer animalia ekarriko ote zituzten? Txahalak, ahariak, antxumeak, el toro de la Vega delakoa?

Kia! Zer ekarriko eta txakurrak eta katuak jantzi apainekin (sekulako hotza egiten zuen)! Apaizak, eliza-atarian, argitu zuen arratsaldean izango zela beste bedeinkapen bat ere, eta umeek ekar zitzazketela beren maskotak. Ez ginen geratu ikustera kurkumixak, dortokak edo perikitoak ziren. Nahiko ikasi genuen goizekoarekin...

Bidaia amaitutakoan, etxera, jakina. Eta etxean lehengo lepotik kontuak. Zer ikusiko eta Zarauzko Udalak erdira jaitsi diola diru laguntza iritzi-artikulu hau argitaratzen duen komunikazio taldeari. Halaxe ikasiak, lehenengo Confiteor geure akatsak aitortzeko eta ondoren mea culpa, pentsatuz hemengo iritzi-emaileren baten kulpa izan behar zuela murrizketarena. Proposito ona urte berrirako: zintzoa izan eta ez sartu liskarretan. Esan beharko diogu GUKAko jendeari argi adierazteko beraiek ez direla guk, jende pipertuok, idazten dugunaren arduradun egiten. Baina ez dut uste horrek ere ezertako balioko duenik. Lehen ere ito zuten Txaparro herriko aldizkaria eta berriz ere gure agintariak gai dira gauza bertsua egiteko.

Inaxio Illarramendik esan omen zuen: «Ez da ahaztu behar zer egoeretan gauden gaur egun. Udalak egun duen gastu-maila oso altua da...». Eta zertan erabiliko dira GUKAri kendutako diruak? Malekoiaren mutturtxo batean harrizko trintxerak jartzen itsasoak ez gaitzan inbaditu? Edota Barren Plazan mini garden bat eraikitzen jendeak lore artean ezkuta ditzan ardo-kopak eta garagardo-boteilak harrizko mailetan itsusi ematen duelako?

EAJko Garbiñe Oiarbide udal-bozeramaileak esan zuen: «Diru-laguntzak erdira jaistearen arrazoi nagusia da ez gaudela ados bereziki GUKAk ikus-entzunezkoetan Zarautzi egiten zion arretarekin». Zer esan nahi du horrek, intzentsuaren antsia dutela? Agintarien beharretara makurtuko den komunitazio-taldea nahi dutela? Alegia, zakur leiala izanez gero jango duzu, baina zaunka egiten baduzu ezta ogi-papurrik ere?

Kanpoan ibiltzearen balioa han ikas daitezkeen kontuetatik letorke, eta jakin izan dudanez han, kanpoan, XVII. mendean Quevedo poeta handia ez zegoen oso gustura (beste asko ez gauden bezalatsu) agintariek egiten zituztenekin, eta, kondairak dioenez, otordu batean plateraren azpian poema luze bat utzi zion Olivareseko konde-dukeari, Epístola satírica y censoria... izenekoa. Hasierako hiru lerroak mundialak dira: No he de callar, por más que con el dedo, / ya tocando la boca o ya la frente, / silencio avises o amenaces miedo. Bada, hori. Ez gaudela isiltzekotan, eta agintariek egindakoa ez bazaigu bidezkoa iruditzen, zaunka eginez jarraituko dugula. Eta mea culpa-rik ez!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide