Izengoitiak

Franco eta Ciano kondea, Donostian. (Fondo Marin -Pascual Marin / Kutxa Fototeka)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

>Ohartu al zarete gauza bitxia dela pertsonen izenaren kontu hori?  Euskal Herrian badugu ezabaezinezko muga politikoa eta kulturala; bada, muga horren Hegoaldean, Espainia pekoan, ohikoa da pertsona bakoitza izen batez (bakuna, bikoitza edo luzeagoa) eta bat edo bi deituraz izendatzea.

Jesús María Olaizola Lazkano da nire grazia (duela hainbat urte esaten zen moduan). Baina izen 'ofizial' hori ez dugu maiz erabiltzen, gune ofizialetatik at gutxitan deitzen digute modu horretan. Gehienetan beste era laburrago eta erabilgarriagoa izan ohi da gure izena: izen ttipia (Jexux), izen soila (Jesusmari), izengoitia (Txiliku), deitura (Olaizola)...

Lankide izan nuen adiskide batek aipatzen du bere blogean «nire izen-deitura ozenki eskolan baizik ez nuen entzuten», hau da, izen ofiziala leku ofizialetan bakarrik. Jesús María hura ere, Jeusmai zen etxean eta kalean, ingurukoen artean. Laster ezarri zioten, ordea, izengoitia ere (Panizo), herrietan, nekazari edo arrantzale giroko herritxoetan batik bat, ohikoa denez. Orain Josu deitzen diogu gehienok. 

Bada, hori. Bataioko edo epaitegiko paperek izendatzen gaituztela, baina gero inguruak jartzen digula geure 'benetako' izena. Eta ez bakarrik inguruak; duela oso gutxi arte (eta oraindik ere irauten du ohiturak) Euskal Herriko Iparraldean, Frantzia «moderno eta laikoaren» lurretan, emakumeak ezkondutakoan senarraren deitura jasotzen zuten. Gure izeko Asuntziok, aitona Martinen arrebak, Olaizola zuen deitura Miarritzera ezkondu eta madame Larrañaga bilakatu zen arte.

Izenen kontu honek soka luzea dakarrela errepikatuko dut. Denok ezagutzen ditugu paperetan José María izan eta Txema, Pepe edo Joxemai deitzen ditugun pertsonak; Zubizarreta izan deituraz eta Xubi deituak, edota Izeta deitzen dietenak izen horretako baserrian jaio zirelako berak edo beren aitonak. Eta hori izengoitiak kontuan hartu gabe: Txankletas, Botas, Luxia, Exkerra, Prejitu... Asko dira beren izen ofizialak zein diren ezagutu ere egin gabe izengoitiz izendatzen ditugunak. 

Izenen kontu hau bukaezinekoa dela, alegia; behin hasiz gero akabatzen zaila. Halako batean otu zitzaidan Zarauzko herrikoekin hastea, eta pilatu eta pilatu bi milatik gora bilduak ditut izen, izen ttipi (hipokoristiko), izengoiti, gaitzizen eta goitizenen artean (beharbada halako baten argitaratuko ditut paperean edo edizio digitalean...).

Baina goazen harira. Ez da erraza jakiten nondik nora etor dakiokeen norbaiti betiko izango duen izengoitia. Seguru asko entzuna izango duzu istorio hau. Halako herri batean jende guztiari jartzen zitzaion izengoitia (motea), eta herrira etorri berriak, gizon zangarra izan behar zuen, esan omen zuen herri horretara joandakoan: «Niri ez zidatek moterik ipiniko, bestela gorriak ikusiko ditik horretara ausartzen denak!». Geroztik sinmote-nekoak izan omen dira familia hartakoak. 

1939ko uda partean Galeazzo Ciano etorri zen Zarautzera. Ciano kondea italiar politikari faxista izan zen, 1903. urtean jaioa, Mussoliniren alabarekin ezkondu zena eta Italiako ministro izendatu zutena. Franco jeneralisimo-arekin elkarrizketatzera Donostiara etorri, eta ospakizun handiak egin ziren han eta probintzian. Zarautzen Narroseko jauregian egon zen egun pare bat-edo gure kondea. Itxura oneko gizona izan behar zuen, guapoa eta dotorea, eta sona handiko bidaia izan zen bai prentsa politikoan, eta baita bihotzekoa deitzen den prentsan ere. Jendeak haren itxura hartu omen zion zarauztar gazte bati, eta baita izengoitia jarri ere: Xiano.

Zarauzko Kirol Elkartean botilero eta masajista, eta udaleko zenbait ekintzetan (Bizar Zurik edo erregeek umeen aurrean desfilea egiten zutenean, esaterako) jardun zuen pertsona horrek. Herriko jende gehienak ezagutzen zuen, baina jende gutxik zekien haren izen ofiziala; ia guztiontzat Xiano zen haren benetako izena.  Ez dakit adibideak balio duen gure izenen izaera ezegonkorra ulertzeko, ez dakit ezagutu zenuen gure Xiano hori, baina seguru esango dizut ezagutu bazenu adinean aurrera samar egindakoa zarela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide