Puntuka

Hitzekoak

Pedro Urtsuaren bustoa. (Nabarralde)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Urola Kostako Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Orokortze guztiak, hau barne, ez dira egia, faltsukeria baizik. Hala ere, orokortzea gustatzen zaigu, eta herrialde bakoitzari etiketa jartzea: alemanak buru-karratuak omen dira, frantsesak harroak, italiarrak zaratatsuak... Judutarrek bazuten herri zigortuaren ospea, eta arrazoiak ere bai hala izateko naziek egin zizkietenak egin ondoren, baina ikusi egin behar orain zer ari diren beraiek Gazan. Alegia, etiketak etiketa, edozein unetan edonor hasten dela kukurrukuka gutxien espero dugunean.

Euskaldunok ere izan dugu, nola ez, gure etiketa, eta belarriak goxatzen aritu diren jendeek esan ohi ziguten zintzoak, langileak eta hitzekoak ginela.

Zintzoarena azkar utzi behar bertan behera, euskaldun gaiztoen bila hasiz gero zintzoak adina aurkitu baititugu berehala. Gogoratu Lope Agirre, esaterako.

Langile kontu hori lehengo kontua izango zen, lanera ez agertzea (absentismoa deitzen duten hori) gero eta gehiago ugaltzen ari baita gure artean: langile izena galtzeko bideetan gabiltza, agian.

Hitzeko izatekoarena geratzen zaigu. Garai batean bekatu larria zen hitzekoa ez izatea. 1986. urtean, EAJ zatikatu zenean, Euskal Herri osoan zabaldu ziren orduan hain ugariak ziren eranskailuak esanez «Garaikoetxea ez da hitzeko gizona». Baina ia beti hitzekoak izan ote gara euskaldunok?

Goian aipatutako Lope Agirre, bere burua traidoretzat zeukana, eta ingurukoek erotzat (Agirre el loco da oraindik Venezuelan), aberats okitua bihurtzeko asmoz El Doradoko urreak aurkitu nahian Amazonas ibaian sekulakoak egiten ibilitako euskaldun hezigaitz hura, ez da, beharbada, pertsonarik egokiena euskaldunon hitzeko izateko ikerketa egiteko, eta espedizioan haren agintari izan zen Pedro Urtsua arizkundarra hartuko dugu azterketa egiteko.

Pedroren anaia Migel zen Urtsua dorretxeko oinordekoa, eta etxe oneko maiorazko ez zen beste bizibidea aukeratu behar izan zuen Pedrok, eta soldadu egin, garaian ohikoa zena. 24 urte besterik ez zituen Indietako Cartagenara (gaur egun Kolonbian) iritsi zenean, eta laster baino lehen zen Granada Berriko Erregeorderriko teniente nagusia. Lope Agirrek señoritotzat zeukan eta frantsesa deitzen omen zion nafarrari.

Erregeordeak teniente nagusi gisa bidali zuen Urtsua beltz zimarroien matxinada menderatzera. Ameriketara iritsi eta berehala hasi ziren 'kolonizatzaileak' esklaboak hartu (amerikarrak zein beltzak) eta lana eragiteko erabiltzen. Ahal zuten esklabo guztiek ihes egiten zuten oihanera, eta han libre bizitzen saiatzen ziren. Ihes egindako esklabo horiek ziren zimarroiak, eta Panamako Nombre de Dios inguruko oihanean bizi ziren zimarroien agintaria Baiano izeneko bat zen.

Pedro Urtsuak ikusi zuenean zimarroiak ondo antolatuta eta gotortuta zeudela, pentsatu zuen zaila izango zela haiei irabaztea. Proposatu zion Baianori lurraldea banatzea: batean Espainiako Filipe II.a izango zen errege; bestean Panamako Baiano I.a. Baianori gustatu zitzaion partiketa hori, eta aste batzuez soldaduak eta zimarroiak elkarrekin aritu ziren arrantza, ehiza eta lehiaketa-jolasetan. Joan aurretik sekulako festa antolatu zuten, Baiano eta zimarroi printzipalak gonbidatuz. Urtsuak zerbait bota zuen ardoan eta lo hartu zuten. Esnatu zirenean, denak preso hartu eta esklabotzara berriz ere. Baiano katez lotu eta Limara eraman zuen Urtsuak, erregeordeari opari. Zimarroiek ikasi zuten zenbateraino ziren hitzekoak Urtsua bezalako euskaldunak.

Gero etorri ziren beste era bateko kontuak, eta Urtsua eta Lope Agirre elkarrekin joan ziren Amazonaseko espedizioan. Urtsuak bere maitale Ines Atienza eraman zuen berekin (itxuraz Lope asko mintzen zuen kontua), eta gauza bat dela eta ez dela, Lopek agindu zuen Pedro Urtsua akabatzeko. Lopek ba omen zuen morroi beltz bat makila bat trabeska zuen soka erabiliz norbaiti eztarria estututa garrote ematen abila zena. Ez dakit nola hil zuten Urtsua, baina pentsatzen dut justizia poetikoa edo antzekoa zatekeela zimarroi beltz batek garrote emanez izatea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide