"Akordatzen naizen belarrondoko handiena ba al dakik zeinek eman zidan? Aita zenak".
Antton Iraeta da argazkikoa. Ezkerrekoa. Eskubikoa ere bera da, ia 40 urte gazteago zenean, baina orduan Antxon esaten zioten, Antton esateko kapazidaderik gabeko jende asko zegoelako garai hartako Donostian.
Makina bat borrokaldi egindakoa da gizona; galanki hartu eta galanki emandakoa. Iaioa, beraz, hartu-emanean. Ni behintzat gozo-gozo hartu ninduen udara parteko arratsalde batez, eta berriketaldi patxadazkoa eskaini zidan.
Maik Krol, Ali Lukusa, Angelo Rottoli, Mary Konate… pelikuletako gaiztoen izenak dirudite Iraetaren kontrario izandakoenak. Eta pelikula bat egiteko moduko pasadizoak dauzka gizonak. Azpeitiko Ondarbiden jaio zen Antton Mari. Berak esatera "bihurri samarra" izan behar zuen mutil-koskorretan, eta pentsatu dugu, geurekiko, gerora ere ez dela albotik begira geratzen den horietakoa izan.
Hamasei urterako hasi omen zen automobila txofertzen, "poliziei hanka eginaz, baserri bideetan". Garaitsu hartan tentatu zuten boxeoan hasteko. Gaia zuela igarri zioten nonbait; ez zen Sherlock Holmes izan beharrik mutilak indarra bazuela deduzitzeko… "Urtain zenak eta (Alfredo) Evangelistak baino bizkar zabalagoa nuen". Ez, noski, gimnasioan puztua. "Gimnasioa? Keba! Berezkoa moteil, …eta 80 kiloko baba-zakuei eta patata-zakuei helduz gogortua". Behintzat, halako batean, etxetik atera hamar pauso egin eta, bidea gurutzatuta, Garmendipeko aldageletan egin omen zuen entrenamendu bat. Lehenengoa eta azkena, aitak galarazi egin zion-eta horretan segitzea. Fuera esan omen zuen, "aitak amen esaten bazuen, amen! Ni oso ondo eramaten nintzen harekin, baina hark esandakoa legea zen". Aitaren blastada, ordea, lehenagokoa da: "Akordatzen naizen belarrondoko handiena ba al dakik zeinek eman
zidan? Aita zenak. Artean eskola ume nintzela, behin txikerra egin diat. Eta, badakik, herri txikia eta… txikiteoan gure aita zenak eta maisuak topo egin dute. Eta maisuak gure aitari: Oye, que tu hijo no ha venido al cole. Esan bazion, esan zion! Etxera etorri eta eman zidaan belarrondokoa… hura ez zeukeat ahaztuta. Esku zabalean, blast!, eman zidaan… oraindik belarrian iiiiiiiiiiin aditzen diat!".
Aita hil zitzaienean ekin zion boxeoari buru-belarri Iraetak. "Maleta hartu eta Donostiara" jo zuen, konfiantzaz ondo osatuta: "Nik uste nian munduan ez zegoela bakar bat ere muturrean jo eta behera botako ninduenik! … Baina bazeudean". Bazeudenez. Norbera besteen gainetik dagoela juzgatzea ez da ‘bertute’ bikaina; non eta ez zaren boxeolaria. Autoestimu superlatiboa edo zerbait beharko da ring batera sartu eta parekoarekin dantzan hasteko, ezta? Eta Antton oilarra zen, eta oraindik ere bada.
Errege egunez 40 urte egingo ditu debutatu zuela, sorterrian izan zen, Azpeitian. Lau urtez bete-beteko boxeolari bizimodua izan zuen: Moscuko olinpiar jokoetara joateko aukera; konbateak, Euskal Herrian eta atzerrian; garaipenak eta porrotak; billete-sorta ederrak irabazitako gauak, eta horiek gastatutakoak; taberna-diskoteka bat ere izan zuen, Zestoako Kaixo mitikoa…
Geroago Boxeo izarrak saioan izan zen, Pedro Mari Goikoetxearekin, Ameriketan ere ibili zen. Eta gaur egun ostalaritzan jarraitzen du. Borrokan orain ere.
Errezilgoa zen Paulino Uzkudun, eta Ibaniarrietakoa Joxe Manuel Ibar Urtain. Antton Iraetak eskularruak zintzilikatu eta gero, ez da gure ingurutik boxeolaririk atera; nik dakidala. Galdu dira gure ukabilkariak, ring-ekoak behintzat.
Beste klasekoak, tabernakoak, parranda giroan gandortu eta borroka bila aritzen direnak, batzuk ezagutu ditugu. Baina horiek ere askoz gehiago omen ziren garai batean. Behin tokatu zait mutur-joka aritu beharra. Latza izan zen. Aurkariak Dolph Lundgren-en bikia zirudien. Hemen kontatzeko asmoa nuen, baina bukatu zait eman didaten tartea. Hurrengo batean beharko du, besterik okurritzen ez bazait.