G: "Rupertos: nik Mayflower esan nizuen baina menu del dia naiyo zuek igual?".
G: "Urtian behin iteiu ta moldako gattuk kartakin, ala?".
G.: "Earra ziok, eta Muruan lekua ziok abixooo!!!!".
"Nahezuena, ni felix!".
S.: "Bai bai nik ya ango bistakin pentsatzen ametsetan ta dana indit".
…Eta apokalipsiak Getariako moilaren gainean harrapatu gintuen, Mayflower-eko terrazako eguzki goxotan. Hiru lagun eta erreboilo bat mahaian. Berriz ere munduaren azkena etortzen bada, nahiago nuke leku eta konpainia berean harrapatuko banindu.
Eguneko menu bat jateko juntadizoa egin ohi dugu hiruzpalau lagunek noizik eta behin. Ez dut uste zetorrena barruntatzen genuenik baina, badaezpada ere, egun horretan, goitik ospatu genuen. Duela justu sei hilabete izan zen, ostegun batez, martxoak 11 zituen eta hura izan zen –normalitate zaharreko– azkena. Biharamunean osasun larrialdiko egoera deklaratu zuen Jaurlaritzak, eta zapatuan Madrilek konfinamendua ezarri zuen. Geroztik, badakizue, to be continued eran gaude.
Berdantza-bart, herenegun gauean, lagun eta ezagun batzuei idatzi diet whatsappez urte erdi honetako bizipenez gogoeta eskatuz. Bidalitako galderen erantzunekin osatu dut ondorengoa.
Zer pentsatu/sentitu zenuen duela sei hilabete?
A.: "Lantegian nengoela abisatu zidaten igerilekuak itxi zituztela. Shock-a izan zen, zer ari da gertatzen!?".
E.: "Farmazialaria naizenez lan asko egitea tokatuko zitzaidala pentsatu nuen… Beldurra ere sentitu nuen, ezjakintasuna. Baina lanbidea zergatik aukeratu nuen ere orduan sentitu nuen argien: jendeari laguntzeko".
F.: "Ze ona, gelditzeko aukera eman digu gaixotasun honek! Trenetik jaisteko aukera, lasaitzeko aukera, egoteko aukera, aldatzeko aukera...".
T.: "Gaixotasuna iritsi da, eta larria izango da. Eta auskalo zenbat iraungo duen (ordura arte Asian geratuko zen zerbait izango zela uste nuen)".
U.: Etorri bezala joango zela pentsatzen nuen. Lehen hilabetea opor giroan pasatu genuen etxean, eta nire bizitza ez zen horrenbeste aldatu (9 hilabeteko haurrarekin etxean erdi-konfinatuta bizi nintzen ordura arte). Gainera, mendialdeko herri txikia izanik gurea, etxean baino herrian konfinatu ginela esango nuke.
K.: "Kezka nagusia ama izan duk. 94 urte ditik eta justu zagok. Esaten dik bere bizi zikloa bete duela, eta fededuna izanik, heriotzari beldur gutxi. Besteak dituk bere kezka. Bere kritikotasuna itzali zuan eta dena sinesten dik. Informatiboak mugatu zizkioagu".
D.: "Mila bideo bromoso whatsappean, eta amorrua hurbil: katxondeoan al gabiltza? Ez al dugu ikusten benetakoa dela datorkiguna?".
Zer pentsatzen/sentitzen duzu gaur?
U.: "Uste dut geratzeko etorri dela hau. HAU diodanean, ez dakit zehazki zertaz ari naizen. Bizitzeko eraz agian, hartu-emanetarako moduez, kalean egoteko maneraz...".
C.: "Haserrea, manipulatzen gaituzten lsentsazioa eta, George Orwellen 1984n bezala, txintik egin gabe esana betetzen dugula (…) Gizartearekin kristoren dezepzioa".
F.: "Ez dugula baliatu aldatzeko aukera hori. Kapitalismoa, berea arriskuan ikusi ta, are gehiago gotortu dela, eta bere baliabide guztiak jarri ditu jokoan (…) Berriz ere bizitza eta bizitza zaintzen dugunak (gehienak emakumeak), bazterrean utzi ditu sistemak. Zaurgarrienak alboratu ditugu: gaixoak eta zaharrak bakarrik hiltzen utzi ditugu, eta umeak lehen ez ziren existitzen eta orain gutxiago. Izugarria".
T.: "Momentu gogorrak pasatu ditugula baina asko ikasi dugula eta horregatik nola jokatu eta zer neurri hartu askoz hobeto dakigula. Baikorra naiz!".
Zein izan duzu sei hilabeteotako unerik gogorrena?
D.: "Izeba azkenetan zela jakin nuenekoa. Minbiziak hartuta zuen. Batez ere gogorra ama telefonoz etsita sumatzea, ahizpa gaztea agurtzeko modurik izango ez zuela eta. Azkenean, despeditu ahal izan zuen".
K.: "Eztabaida handiak izan ditiat auzokide batzuekin… Bai, gobernuak esan dik edo irratian entzun diat. Gobernuak zubitik behera salto egiteko esan izan balie, salto egin zitean. Heriotzak eta gaixoak kenduta, pandemiaren okerrena izan duk. Oso tristea. (…) Txaloak. Gorrotatzen ditiat. Buenismo nazkagarri hori. Balkoira atera diren guztiek ateraldiko pare bat euro bota izan balute kutxatxo batera, lana galdu dutenei ordaintzeko adina izango genikek".
U.: "Apirilaren amaieran isolamendua hasi nintzen sentitzen. Batez ere gurasoekin eta ahizparekin egoteko beharra sentitzen nuen, nire semearekin egon zitezen nahi nuen. Hiru hilabetetan semetxoa asko ari zen aldatzen eta
pena ematen zidan aitona-amonek aldaketa horiek ez ikusteak. Horrek eta errutinak jan naute konfinamenduan".
Zein izan duzu unerik gozoena?
K.: "15 urteko ilobaren besarkada. Bere etxera joan ninduan eta ezin izan zioan gogoari eutsi. Akaso nahiagoko zian beste norbaiti eman besarkada luze hura baina ni ninduan asteetan ikusi zuen ‘etxetik kanpoko’ lehena. Asko emozionatu ninduan".
D.: "Ataungo lehengusu batekin-eta egunero puntutan osatzen genuen bertsoari nire puntua borobiltzeko unea. Nahiko barre egin diagu".
Zer ikasi duzu?
U.: "Egoten".
T.: "Besteen ekintzak epaitzea zein erraza egiten zaigun, baina gureentzat zein erraz aurkitzen ditugun aitzakiak eta justifikazioak".
K.: "Begiekin barre egiten ikasi diat. Aspaldian ahaztuta neuzkan lagunak berreskuratu ditiat. Besarkadek eta musuek duten garrantziaz jabetu nauk. Dozena bat liburu zaharri hautsa kendu zioat. Arazoak ditugunean kontra egiteko gauza garela konturatu nauk...".
C.: "Kontsumoari buelta asko eman zizkioat. Gaizki ta gehiegi konsumitzen dudala ohartu nauk, eta aldameneko baserritarrari tomateak erosteak botoa inori emateak baino bastante gehiago balio duela".
D.: "Ikasi? Ustez asko ikasi dugula baina benetan zer azkar ahazten dugun ikasitakoa".
Ba al da buruan bueltaka darabilzun pentsamenduren bat?
U.: "Sentimendu batek mugitu dizkit barrenak hilabete hauetan, eta tristura dela esango nuke. (…) Euskal Herrian lehen ere muturreko jarreretakoak izan gara, eta orain ere gauza bera gertatzen dela iruditzen zait. Edo nirekin zaude, edo nire aurka. Bertsio ofizialarekin zaude eta men egingo diezu hartutako neurri guztiei, edo konspirazioaren hipotesia defendatzen duzu. Beste behin, norbera bere trintxeran. Egoera zaila da, ezezaguna, emozioek mugitzen gaituzte eta ziurrenik ez dugu iritzi bera izango ospitalean lehen lerroan aritu den erizainak eta inguruan kasurik ezagutu ez duenak. Elkar entzuteko garaia dela uste dut, besteen iritzia errespetatzekoa, norberaren eta besteen askatasunaren oreka zaila bilatzeko unea… Hortik, agian, eraikiko dugu zerbait".
K.: "Gogorra zihoak baina bihar ere eguna argituko dik".