Duela urte mordo bat Julio Villar ezagutzea lortu nuen. Villar donostiarra da, goi-mendizalea izan zen gaztetan, gero itsasora jo zuen. Eta belaontzi txiki-txiki batean, bakar-bakarrik, munduari bira eman zion. 1967an. Egin kontu mundua dezente handiagoa zela orduan. Gaur egun ibilkaria da Villar, antz eman du eguzkiak txigortutako azalean, haizeek orraztutako ile-xerlotan eta begirada irriberan. Berak esan zidan lilura sentitzeko ez duela Tuamotu irletara joan behar, Trintxerpetik Donostiarako autobus bidaian ere senti dezakeela. Txunditzeko gaitasuna dela pertsonak duen altxorrik handiena. Eta urteek gaitasun hori kamustu ez dezaten ahalegindu behar genukeela.
Abentura etxeko atetik pausoa luzatzean has daiteke. Mapa bat baino ez dugu behar. Kartografia zaleak ditugu Artanoenean. Maite ditugu maite mapak, eta ikusten uzten dituzten bazterrak. Hemengoak eta mundukoak. Gure aitak jakingo du, seguru samar, Lincoln dela Nebraskako hiriburua. Eta Ameriketako Estatu Batuetako gainontzeko 49 estatuetako kapitalak ere, hor nonbait, huts askorik gabe esango dizkizu. Gai honetan, baina, sailetik apartekoa gure anaia da. Emaiozu mapa bat eta zoriontsu egingo duzu; emaiozu mendiekiko mapa bat eta mapa horretaz kanpoko dena, eta denok, desagertu egingo gara puska luze baterako. Edozein egunetan etorriko zaizu Irango Zagros mendietako eski-guneen kokapenari buruz hizketan, edo kontatuko dizkizu maparen tolestura batean sumatutako baserrira joan eta bertako etxejaun edo andrearekin izandako berriketaldiaren gorabeherak. Oso ondo ezagutzen ditu Izarraitz-Hernio kontrako parajeak, izenez eta izanez. Orain hurrena, konfinamendu aurretik, mendi bizikletaz propio gidatu ninduen Etumeta ondoko Bisigu baserrira. Kapritxoa zuen hara iristeko, Santa Kruz apaiz gerrillariak etxe horren atarian liberal bat fusilatu zuela eta.
Desbideratu egin naiz… Kontua da, seguru asko, amaitu zaigula munduko beste puntara astebeterako joateko aukera genuenekoa —bolada luze samar baterako bada ere—. Jolastokiaren neurria naturalagoa izango dugu aurrerantzean. Hobe. Horregatik, inguratu ezazue mapa bat. Zeuen herriko mapa besterik ez bada ere, ez duzue gehiago behar hasteko. Geure udalerrien mugetan kabitzera behartu gaituzte azken asteotan, eta auskalo ez ote gaituzten berriz horretan etsiaraziko. Eta kontua da herri bateko mapan gauza asko kabitzen dela. Zestoako maparen azpialdeko legendan udalerriko etxe eta baserrien inbentarioa dago, konparazio batera. 405 izen. Aurrenekoa da Abeletxe. Hori ezagutzen dugu, lagun baten ama hangoa zelako. Gaur ez da inor bizi Abeletxen, baina ondoan bainatzeko putzu bikaina egiten du Lasaoerrekak. Abeletxetik eta Zurbanora arte, zerrendako azkena, mundu bat dago esploratzeko: geraleku arriskutsua izandakoa, Bentapeligro; etxe baikorrak, Oskarbi eta Beti Alai; suharrak, Txispero eta Antxitxardi; builosoak eta gorrak, Matraka eta Aitube; gerritik beherakoa, Aldaka; halamoduzko ganbaraduna Ausoroetxea; gozoak, Konpiterokoa eta Txokolate; urruneko ziudadeak: Benezi eta Sebastopol; eta urrunagokoa: Martitzenea.
Akordatzerako Gipuzkoa osoan mugitu ahalko dugu. 88 udalerrietatik zenbat falta zaizkizu ezagutzeko? Zerrendan aurrenekoa Abaltzisketa da. Izan al zara sekula Abaltzisketan? (Hogeita bost urte baino gutxiago baldin badituzu Urola Kostan bertan izango duzu herriren bat ezagutzen ez duzuna, larri ibili…). Abenturazale interesgarrienak ingurua berdeskubritzen dakitenak dira.
Aurki ez dugu ordutegi mugarik izango etxetik irteteko. Zergatik ez egin pasiera bat gauez? Hartu argi bat eta ekin ondo ezagutzen duzun bide bati eguzkia joan eta gero. Egunez txepelduta dauden zentzumenak zorroztuko zaizkizu iluntasunean: hotsek tenk jarriko dizkizute belarriak, tenperatura aldaketak nabarmenago sentituko dituzu azalean. Balienteenentzat bibak-a izan daiteke bonus track-a. Ez nuke uda pasatzea nahi Santa Engrazin, Erlon, edo San Antonen bertan, izarrei begira loak hartu gabe.