Aurtengo andramaixetan adina odol gorputz batean ez dakit inoiz ikusi dudan. Galtza gorritu haien irudia. Malko haien esanahia eta hanka tarte puskatu hura. Neure, GEURE, herriaren iluntasunean barrua apurtu zidan egoera hark. Hilabeteak daramatzat honekin buruan. Ezin dut ahaztu eta ezin dut alde batera utzi, eta ez dut nahi. Han gertatu zena zabaltzeko beharra dut, azkoitiarrok behintzat inguruan zer dugun jakin behar dugu eta ez beste aldera begiratu, arriskua geure aurrean baitugu. Egiak beldurraren, popularitatearen eta matxismoaren aurrean behingoz irabaz dezan zerbait egin dezakedala iruditzen zait. Eta honek, guztiok salatu behar dugun ankerkeria onartezin honen aurrean zerbait egiteko beharrak, nakar gaur hau idaztera.
Abuztuaren 15eko juergan, 16 goizaldera, banku batean eseri nintzen lagun batekin. Kontu kontari geundela, mutil bat gure aurrean zegoen garaje baten parean gelditu zen mugikorrarekin, eta barrura sartu zen. Handik gutxira, neska bat etorri zen eta hau ere garaje barrura sartu zen. Nire laguna eta biok bankuan jarraitu genuen, etxera joateko inongo presarik gabe. Handik denbora batera, neska garajetik atera zen eta segituan begi bistatik galdu nuen; mutila, berriz, ez zen garajetik atera ere egin, hemendik aurrera ez zen mutilaren arrastorik izan.
Orduan hasi zen dena niretzat. Negarrak. Orruak. Mina soma nezakeen inguruan. Ez nekien zer gertatzen zen, zer egin, zalantza mordoak egin zuen eztanda nire buruan: Nor ote da? Zer gertatu ote zaio? Zer egin dezaket? Oihuka nor ari zen begiratzera joan eta garajean mutil harekin egon zen neska zela ohartu nintzen, eskailera batzuetan eserita, hanka tartetik sekulako odol isuriaz. Eta han nengoen ni. Burutik inoiz kenduko ez dudan irudi hura nahi gabe memorizatzen. Odola eta samina. Ankerkeriaren irudi bizia. Inoiz bortxatuko ez gaituztelako sinesmena faltsua denaren froga. Piztia uste baino gertuago dudala, dugula, ikusarazi zidan irudia. Azkoitian. Azkoitiarra. Eta horren aurrean zer egin?
Jarraitu irakurtzen Maxixatzen.eus.en.